Urteroko ohiturari jarraituta, domekan Txitxiburduntzi Eguna ospatuko dute Izurtzan. Euririk ari ez badu, plazan egingo dute sua, eta bestela ondoko pilotalekuan hartuko dute aterpea.
Udalak ipiniko du sua, eta janaria eta edaria, aldiz, herritarrek eurek ekarri beharko dute, janaria sutan erretzeko makiltxoarekin batera. 12:00ak inguruan udal langileek ikatz begetalez eta egurrez egindako suagaz hasiko dute Txitxiburduntzi Eguna. Normalean, eguraldia lagun bada, jende dezente batzen dela diote udal langileek. Herri ingurutik egindako paseoaren osteko mokadu moduan erabiltzen dute ekimena izurtzar askok. Gehienek txorizo otartekoa prestatzeko ohitura izaten dute, baina batzuek urdaiazpikoa eta solomoa ere eramaten dituzte. Gehienetan, ekimena luzatu egiten da, eta plaza inguruan eta ondoko tabernan jai giroa 14:30 ingurura arte mantentzen da.