Orduan hasitako bideari oraindik eutsi egiten diote izurtzar askok, eta baita herritik kanpokoek ere, udaletxera tapoiak eramaten jarraitzen dutelako. Gaur egun batzen dituzten tapoiak, batez ere, Eibarko eta Galdakaoko gazte biri laguntzeko erabiltzen dira.
Divina Oteiza durangarra Eibarko Amaña eskolako irakaslea da eta hilean behin Izurtzako eta Mañariko tapoiak batu eta Eibarko eskolara eroaten ditu. Han bada lau urteko neska bat hezurretan ezohiko gaixotasun bat duena. Urtean hainbat bider Valentziako ospitale batera joan beharra izaten du eta Izurtzako tapoiek (Eibarko herritarrek eroandako beste tapoiekin batera) bidaia horiek eta ospitaleko gastuak ordaintzeko balio dute.
Durangoko Maristak ikastetxera ere eramaten dituzte tapoiak. Ikastetxeko Gizarte Pastoraltzak bideratutako ekimen baten bidez, batutako tapoi guztiak Galdakaoko familia bati bidaltzen dizkiote. Izan ere, orain hiru bat urte 17 urte zituen galdakoztar batek odol-isuri bat izan zuen Durangoko Azoka bisitatzen zebilela. Orain tratamendu luze eta garesti batean sartuta dago. Bere lagun batek Maristetan ikasten du eta berak proposatu zuen tapoi bilketa hastea.