Gazta, Ardo eta Ogi Azoka egingo dute abenduaren 6an

Anboto 2013ko abe. 1a, 08:46

Durangaldeko Artisten Elkarteak erakusketa bat antolatuko du azokaren harira

Durangaldeko Artisten Elkarteak erakusketa bat antolatuko du azokaren harira.

 

Abenduaren 6an, San Nikolas egunean, Ardo, Gazta eta Ogi Azokaren hirugarren aldia antolatuko du udalak. Hiru produktu horiekin osatutako saltokiez gainera, beste hainbat produktu ere salduko dira; guztira 19 saltoki ipiniko dituzte, 10:00etatik 15:00etara, pilotalekuan.

 

Iazko antzera, Izurtzako ekoizle batzuek ere parte hartuko dute azokan. Horiez gainera, Durangaldeko (Berriz, Iurreta, Mañaria, Abadiño…) eta Euskal Herriko (Izarra, Lezama, Iribere, Oleta, Mauma, Larrabetzu…) hainbat txokotatik etorritako saltzaileak ere egongo dira. Produktuei dagokienez, ardo, gazta eta ogi postuekin batera, ezti, pate, ortuari, sagardo eta beste askoratariko produktu saltzaileak ere etorriko dira Izurtzara. Azokak dirauen artean, plazan, Eusko Labele oilaskoak erre eta pintxotan salduko dituzte.

 

Gainera, Durangaldeko Artisten Elkarteak osatutako erakusketa ere ikusgai egongo da jubilatuen elkartean. Udalaren gonbita ilusio handiz hartu dutela adierazi dute elkarteko kideek, eta euskal kulturari lotutako koadroak eramango dituztela, ahal dela, Durangalde edo Izurtzaren gainekoak. Domekara arte egongo da ikusgai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!