San Iurgi elkarteagaz jarraitzea erabaki dute

Anboto 2013ko aza. 20a, 13:26

Bazkideek aho batez erabaki dute San Iurgi Ehiza eta Arrantza Elkarteagaz aurrera jarraitzea

Bazkideek aho batez erabaki dute San Iurgi Ehiza eta Arrantza Elkarteagaz aurrera jarraitzea.

 

San Iurgi Ehiza eta Arrantza Elkartea ez da desagertuko. Irail inguruan hainbat izurtzarren artean sortu zuten elkarteak aurrera jarraituko du. Horrela erabaki dute bazkide guztiek aho batez.

 

San Iurgik oilagor eta birigarro pase batzuk kudeatu gura zituen Izurtzan, aurten. Aldundira sasoiz egin zuten eskaera, baina handik denbora batera Bizkaiko Boletin Ofizialean argitaratzeko astirik ez zutela izan argudiatuta, aurten ezingo zietela ez oilagor eta ez birigarro paserik eman jakinarazi zieten Aldunditik. Ondorioz, aurtengo paseak aprobetxatzeko honako aukera hau zuten: San Iurgi bertan behera utzi, eta Mañariko Mugarra elkartera batzea (berak kudeatuko ditu aurten pase horiek). Mugarrak erraztasunak eskaini zizkien horretarako, sarrerako kuotarik ez ordaintzea, esaterako. Hori jakinarazi zieten elkarte bietako ordezkariek egindako batzar batean.

 

Ondoren, urriaren 30ean egindako beste batzar batean, proposamena San Iurgiko bazkide guztiekin eztabaidatu, eta aurten pase horiek barik geratu, eta San Iurgigaz aurrera jarraitzea erabaki zuten. Elkartea sortuta, pauso inportante bat eman dutela, eta bide horretan lanean jarraitu gura dutela azaldu dute elkarteko kideek. Joan zen astean jakinarazi zieten erabakia Mugarra elkartekoei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!