Biribilgune baten garrantzia beste behin adierazi diote Aldundiari

Anboto 2013ko urr. 27a, 08:26

Udala \"ahalegin ekonomiko\" bat egiteko prest dago; Aldundiak, aldiz, aurten ezingo dela izan adierazi du, eta 2014an ere zaila izango dela uste du

Udala "ahalegin ekonimoko" bat egiteko prest dago; Aldundiak, aldiz, aurten ezingo dela izan adierazi du, eta 2014an ere zaila izango dela uste du.

 

Irailaren 27an Izurtzako alkate Luis Ballarin Aldundiko Herri Lan eta Garraio Saileko arduradun nagusia den Itziar Garamendigaz batu zen. Arbizola industriagunerako sarreran segurtasunagatik udalak beharrezko ikusten duen biribilgunea izan zuten berbagai. Biribilgunearena aspaldiko eskaera da, 2008tik hona datorrena. Orain arte, Aldundiak ezezkoa eman die arazo ekonomikoak argudiatuta. Egoera desblokeatu guran, udalak hitzarmen bat sinatzeko proposamena luzatu zion Aldundiari. Udala “ahalegin ekonomiko” bat egiteko prest dagoela jakinarazi zien, eta eskaria industriaguneko hainbat enpresatako enpresarien sinaduragaz (industriagunea urbanizatzeko plan bat martxan du udalak) lagundu zuten.

 

Garamendiren erantzuna orain arteko bera izan zen: aurten hitzarmenik sinatzeko atal ekonomikorik ez dutela adierazi zuten, eta 2014an ere gaitza izango dela. Dena dela, idatzizko erantzun bat eskatu du udalak, eta oraindik ez dute ezer jaso.

 

Udalak sarritan jakinarazi dio Aldundiari Arbizola industriagunerako sarreran biribilgune bat egiteko garrantzia: “Aldarrikapen hori oso garrantzitsua da Izurtzarako. Durangotik Mañarira bidean sei biribilgune egin ditu Aldundiak, eta horietako bat ere ez Izurtzan. Segurtasunerako eta trafikoaren abiadura moteltzeko inportantea da. Gainera, etorkizunerako aurreikusita dagoen saihesbidea lotzeko ere balioko luke”, adierazi du Luis Ballarin alkateak. Aurrerantzean ere “behar den beste bider” saiatzen jarraitzeko borondatea adierazi dute udal ordezkariek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!