San Iurgik ez du ehizarako paserik kudeatuko aurten

Anboto 2013ko ira. 19a, 08:30

Aldundiak lehenengo baietz, eta gero, ezetz esan die, ez dutela boletinean argitaratzeko astirik izan

Aldundiak lehenengo baietz, eta gero, ezetz esan die, ez dutela boletinean argitaratzeko astirik izan.

 

Hainbat izurtzarren artean oraintsu sortu duten San Iurgi Ehiza eta Arrantza Elkarteak ezingo ditu Izurtzako uso eta oilagor paseak kudeatu aurten. Bizkaiko Foru Aldundiak banatzen ditu ehizaren inguruko pase horiek, eta San Iurgi elkartetik jakinarazi dutenez, bere sasoian eskaerak egin zituzten, eta “abuztuan aldunditik gutun bat bidali ziguten oilagor ehizaren heren bat utziko zigutela esanez”, adierazi du ehiza elkarteko Jesus Mari Bikandik. Hau da, aldundiak, esaterako, eguneko sei pase zehaztuko balitu, horietako bi izango lirateke San Iurgirentzat.

 

Sorpresa desatsegina joan zen astean jaso zuten. Aldunditik deitu, eta esan zieten ez zutela astirik izan behar ziren agiriak Bizkaiko Boletin Ofizialean argitaratzeko, eta, ondorioz, ezingo zietela ez oilagor eta ez uso paserik eman.

 

Elkartearen erabakia

Beraz, Mugarra Ehiza eta Arrantza Elkarteak kudeatuko ditu pase horiek. Gauzak horrela, aurtengo paseetan parte hartu gura badu, aukera bakarra geratu zaio San Iurgiri. Elkartea desegin, eta Mugarrara batzea. Horixe da joan zen astean elkarte biek egindako batzarretik ateratako ondorioa. Bikandiren esanetan, “hori ez da nik hartu beharreko erabakia, elkartea osatzen dugun denon artean hartu beharrekoa baino”. Beraz, urri amaieran, San Iurgi elkarteko kide guztiekin batzar bat deituko dute. Bertan bozketa bat egingo dute aukera biren artean: San Iurgi bertan behera uztea eta Mugarrara batzea aurtengo paseei etekina atera ahal izateko, edo elkarteagaz aurrera jarraitzea eta aurten Izurtzako pase barik geratzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!