Trikiti doinuekin abiatuko dituzte gaur Andramariak

Anboto 2013ko abu. 30a, 09:00
Izurtzarrek 20:00etan jaurtiko dute txupinazoa. Gero, triki-poteoa egingo dute.

Gaur abiatuko dituzte izurtzarrek Erdoitzako Andra Mari jaiak. Txupinazoa 20:00etan jaurtiko dute, eta, gero, triki-poteoa izango da. Rock doinuek girotuko dute gaua: Txo Proyect, Tributo To Barricada eta Puto Bastardo taldeek kontzertua emango dute Gaztelekuan.


Hainbat ekitalditan parte hartzeko aukera egongo da irailaren 8ra bitartean. Gastronomia lehiaketak, bertsolariak, antzerkiak, dantzak, umeentzako jolasak, pailazoak... Denetariko ekitaldiak izango dira aukeran. Erromeria giroak ere ez du hutsik egingo. Etzi, adibidez, Lotxok egingo du dantzarako gonbita. Irailaren 7an, berriz, Luhartz taldeak. Mozorroa janzteko eguna izango da hori; aurten, gaia librea da.


Erdoitzako Andra Mari


Irailaren 8a dute egun handia, Erdoitzako Andra Mari eguna. Jolasak, tailerrak, eta Kiki eta Koko pailazoen saioa egongo dira umeentzat. Jubilatuek bazkaria izango dute irailaren 7an, Santo Tomas eguna aurreratu dute-eta. Ohi lez, bisitari ugari batuko ditu Santa Ageda egunak ere. Dantzariak, herri bazkaria eta apostu herrikoia egongo dira.

 

Marmitakoa eta patata tortilla prestatzeko gonbita


Bazkaltzeko, afaltzeko, mokadu bat egiteko... Mahaiaren bueltan elkartzeko ohitura ei dugu euskaldunok, areago eta gehiago jai giroan. Herri eta auzoetako jai egitarau gutxitan huts egiten dute bakailao, tortilla, paella edota marmitako txapelketek. Izurtzan ere luzatu dute marmitako eta patata tortilla lehiaketetan parte hartzeko gonbita. Biek ala biek oso harrera ona izaten dute antolatzaileek aitortu legez. Iaz, adibidez, 40 patata tortilla aurkeztu ziren, eta aurten ere beste horrenbeste espero dute; irailaren 7an izango da. Marmitako lehiaketa, berriz, bihar izango da. Iaz paella izan zen, eta aurten, horren ordez, marmitakoaren txanda izango da.

 

Mendi-bizikleta ibilaldiagaz zita

 

Hainbat lagun elkartzen dituen ekitaldia da Izurtzako jaietako Mountain Bike ibilaldia. Urtez urte, ekitaldia tradizio bilakatu da, eta aurten ere ez diote hutsik egingo. Mendi-bizikleta zaleek irailaren 7an izango dute hitzordua Izurtzan. Dagoeneko 22. aldia izango du Erdoitzako Andra Mari jaien barruan antolatzen duten ekitaldiak; 16:30ean hasiko dute ibilbidea. Antolatzaileek azaldu dutenez, ekitaldi honek “urte batzuk daroaz dagoeneko, eta parte-hartzaile kopuru polita batu ohi da; Izurtzako bertako eta Durangaldeko zaletuak izaten dira batik bat”. Bitaño eta Nebera inguruan egiten dute ibilbidea.


Bertso saio bikoitza


Bertsolariek ere ez dute hutsik egingo Erdoitzako Andra Mari jaietan. Saio bi antolatu dituzte. Iratxe Ibarrak, Oihana Bartrak eta Erika Lagomak jardungo dute Santa Ageda egunerako prestatutakoan; 13:00etan hasiko dute euren jarduna. Bigarren saioa, berriz, irailaren 7an izango da. Egun horretarako, Garikoitz Sarriugarte, Eñaut Uruburu eta Aitor Bizkarra gonbidatu dituzte antolatzaileek, hirurak Durangaldekoak. Saioa, 12:30ean hasiko da.

 

Izurtzako jaietako egitarau osoa:

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!