Jose Mari Alberdik ordezkatuko du Maialen Sarasua zinegotzi lez

Anboto 2013ko uzt. 14a, 08:13
Alberdik 54 urte ditu, eta izurtzarra da; hauxe da horrelako kargu bat izango duen lehenengo aldia

Alberdik 54 urte ditu, eta izurtzarra da; hauxe da horrelako kargu bat izango duen lehenengo aldia.

 

Orain urte bi hasi zen legegintzalditik Izurtzako Udalean Bildu alderdiko zinegotzi izan den Maialen Sarasuak bere kargua uztea erabaki du. Erabaki horren berri eman zuten joan zen eguen eguerdian egindako udalbatzarrean. Bere ordezko tokia Jose Mari Alberdik hartuko du. Bera zen zerrendan hurrengoa, joan zen astean egin zioten proposamena eta Bilduko zinegotzi kargua onartzea erabaki du.

 

Alberdik 54 urte ditu eta izurtzarra da. Ogibidez iturgina da, eta Asaser enpresan lan egiten du. Ez du esperientziarik udalean, eta hauxe izango da zinegotzi lez jardungo duen lehenengo aldia. Postua gogotsu beteko duela adierazi du, eta zinegotzi karguak eskatzen dituen lanak egiteko denbora atera beharko duela: “Ilusioz onartu dudan kargua da. Ikusi egin beharko dut denbora nondik ateratzen dudan, bestela ere hainbat kontutan nabil-eta. Nire denbora eta zereginak ordenatu beharko ditut”, adierazi du Alberdik.

 

Momentuz, legegintzaldi honetarako eman du baietza. Hurrengoan aurkeztuko den ala ez legegintzaldi amaieran baloratuko duela adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!