Iaz egin barik geratutako proiektuak helburu nagusi 2013ko aurrekontuan

Anboto 2013ko ots. 10a, 10:01
Aurtengo aurrekontuen zenbatekoa iazkoa baino %8,8 baxuagoa da.

Joan zen asteko udalbatzarrean hasierako onarpena eman zieten 2013ko aurrekontuei. Gobernu Taldeko (Bildu) botoekin onartu zituzten, eta EAJ abstenitu egin zen. Aurtengo zenbateko osoa iazkoa baino %8,8 (67.700 euro) baxuagoa da: 653.658 euro guztira. Besteak beste, Aldundiko Udalkutxari bueltatu beharreko diru kopuruagatik gertatu da jaitsiera hori.

 

Inbertsioei dagokienez, aurten inbertsioetara bideratutako zenbatekoa %14 gutxitu dute. Zenbatekorik handiena, iazko aurrekontuetan aurreikusi bai, baina azkenean gauzatu ezin izan zituzten proiektuetara bideratu  dituzte. Esaterako, Garauntzako etxebizitzen asmorako 105.000 euroko diru atala sortu dute. Iaz ere, ia diru atal bera bideratu zuten, baina arau subsidiarioetan egin beharreko aldaketa batzuek atzeratu egin dute proiektua. Eleizalde auzoan ur hornidura sarea eraberritzeko 30.000 euroko atala sortu dute.


Horrez gainera, jubilatuen lokaletako komunak konpontzera 10.000 euro bideratu dituzte. Konponketak egingo dituen enpresa kontratatu dute, eta lanak laster hasiko direla azaldu du Luis Ballarin alkateak.


Inbertsioen atalean, Arbizolea industriagunean udalaren jabetzakoa den lokal bat zarratzeko, 15.000 euro ere aurreikusi dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!