Fosroc enpresan 21 kaleratze aurreikusi ditu zuzendaritzak

Anboto 2012ko aza. 16a, 08:14
Komiteak dio kaleratze traumatikorik ez duela onartuko; izatekotan, \"adostuak eta boluntarioak\"

Komiteak dio kaleratze traumatikorik ez duela onartuko; izatekotan, "adostuak eta boluntarioak".

 

Fosroc enpresako zuzendaritza 21 lagunentzako kaleratze-espedientea prestatzen ari da. Baita etendura-espediente bat ere, langileen soldatak % 12,5 jaistea proposatuz. Halaxe jakinarazi zieten enpresako komiteari eguazteneko batzarrean. Atzerapenik ezean, espediente biak azaroaren 22an aurkeztuko dituzte ofizialki. Ondoren, kontsulta epea hasiko da hilabetez.


Orain arte, enplegu erregulaziorako lau espediente izan dituzte Fosroc enpresan, baina denak etendura-espedienteak izan dira. Datorren astean aurkeztuko dute lehenengoz kaleratzeak aurreikusten dituen espedientea.


Fosrocek 62 langile ditu gaur egun. Enpresan hormigoiari nahasten zaizkion produktu kimikoak ekoizten dituzte. “Eraikuntzan hormigoiaren erabilera asko jaitsi denez, horrek zuzenean eragiten dio enpresari, errealitateari ezin diogu lepoa eman”, onartu du David Palacios enpresa komiteko ordezkariak. Baina argi dute kaleratze traumatikorik ez dutela “inondik inora” onartuko: “Langileak horretarako prest badaude, adostutako kaleratze boluntarioen gainean negoziatzeko prest gaude, baina ez behartutako kaleratzeen inguruan”.


Soldatei dagokienez, enpresako komitearen ustez, “ez da arazorik konponduko soldatak jaitsita; guztiz kontra gaude, egin behar dena lan karga gehitzea da”.


Enpresako zuzendaritza negoziatzeko prest agertu dela ere adierazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!