Hamabost herritarri konposta zelan egiten den irakatsi diete

Anboto 2012ko urr. 28a, 09:45
Konpostagailu bat muntatzen eta konpostaren prozesuaren etapak bereizten ikasi dute

Konpostagailu bat muntatzen eta konpostaren prozesuaren etapak bereizten ikasi dute. 

 

\"\"

Azterlan ikerketa zentroko adituek konpostaren gaineko ikastaroa eman zieten eguazten arratsaldean udaletxera hurreratu ziren hamabost izurtzarrei. Aldundiko diru laguntza baten bidez, udalak erosi dituen konpostagailuak datozen egunetan banatuko dituzte herritarren artean eta ekimenari hasiera emango diote.

 

Azterlaneko Ander Areitioaurtenak, lehenengo, konpostagailu bat muntatu zuen, azalpenak ematen zituen bitartean. Herritar bakoitzak birziklatutako plastikoagaz egindako konpostagailu bi jasoko dituela esan zuen; bata bestearen gainean muntatzen dira eta bien artean 300 litroko edukiera dute. Gura duenak, Internet bidez ere erosi dezake konpostagailua: www.compostadores.com.

 

Ostean, konpostaren prozesuko etapak azaldu zituen eta hondakinetatik ongarria lortzeko materiale egokiak zeintzuk ziren azaldu zuen. Esaterako zuhaitzetako adarrak konpostagailuan txiki-txiki eginda sartzea komeni dela kontatu zuen; horretarako, Mañariak eta Izurtzak makina birringailu bat konpartituko dute eta gura duenak eskatu ahalko du.

 

Berotasuna eta hezetasuna

Konposta egiterakoan kontuan hartu behar diren faktore bi  berotasuna eta hezetasuna direla azaldu zuen Areitoaurtenak. Konpostagailuan zenbat eta bero gehiago, hobe. 40 gradutik gora  konpost prozesua asko azkartzen duten bakteriak hasten dira lanean.

 

Ikastarora hurreratu ziren denei etxean konposta egiteko gida bana banatu zieten eta edozein duda argitzeko kontaktua utzi zuten: 94 621 54 70. Era berean, hilabete bi barru etxez etxe joango direla adierazi zuten, prozesuari jarraipena egiteko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!