Bizileku berriak kudeatzeko kooperatiba eredua proposatu du Udalak

Anboto 2012ko eka. 9a, 08:11
Udalak batzar irekia egin zuen eguaztenean, etorkizunean eraiki gura diren 15 etxebizitzak kudeatzeko proposamena herritarrei azaltzeko. Frantzian, Alemanian, Suedian eta, batez ere, Danimarkan oso garatuta dauden kooperatiba sistema proposatu zuten; zehazki Danimarkan askotan erabiltzen den Andel eredua

Udalak batzar irekia egin zuen eguaztenean, etorkizunean eraiki gura diren 15 etxebizitzak kudeatzeko proposamena herritarrei azaltzeko. Frantzian, Alemanian, Suedian eta, batez ere, Danimarkan oso garatuta dauden kooperatiba sistema proposatu zuten; zehazki Danimarkan askotan erabiltzen den Andel eredua


Eredu horren  arabera, eraikina kooperatibaren jabetzakoa  izango litzakete eta bazkide bakoitzak etxebizitza baten erabilera-lagapena izango luke bizitza osorako.  Bizileku horiek ezingo lirateke hipotekatu, saldu edo errentan ipini, baina herentzian eman ahalko lirateke.


\"\"Lurrak Udalaren jabetzakoak izango direnez, sistema horren bidez, espekulazioari aurka egingo lioketela uste du Udalak: “Etxebizitzetarako espekulaziorik gabeko sarbidea suposatzen du”, azaldu zuten udal ordezkariek. Horrez gainera, nabarmendu zutenez “ez du etorkizuna hipotekatzen berme pertsonalak nork bere gain hartuz”. Izan ere, “sarritan ikusi dugu hipoteka ordaindu ezin, etxea kendu eta hala ere bankuari ordaintzen jarraitu beharra egoten dela. Hori lotsagarria da”. Andel sistemaren bidez, kooperatiba utzi gura duenak bere inbertsioa errekuperatuko luke, dagozkion eguneraketak egin ondoren.


Proiektuaren kostua hasieran Udalak hartuko luke bere gain, kooperatiba sortu bitartean: “Lanak aurreratzen joatea litzateke helburua, denok nahia izango delako etxebizitzak ahalik arinen prest egotea”. Ez zuten bazkide bakoitzak hasieran ipini beharko lukeen kuotaren gaineko datu zehatzik eman.


Txosten osoa udaletxean eskuragarri

Etxebizitzetarako 27 eskari egon ziren eta Udalak ezarritako baldintzak betetzen dituztenen artean zozketatuko dituzte. Andel sistema zertan datzan azaltzen duen txostena udaletxean eskuragarri dago. Dudak argitzeko ere bertara joan daiteke. Hemendik denbora batera, iritziak jasotzeko beste batzar bat egitea aurreikusten du Udalak.

Euskal Herrian ez dago Andel sistema aplikatu zaion etxebizitza blokerik. Oraingoz, hainbat herri eredu hori aztertzen ari direla aipatu zuten batzarrean eta horien artean Otxandio eta Atxondo daudela.


Dudak argitzen saiatu ziren


Batzar irekira 20 bat herritar batu ziren. Udal ordezkarien azalpenak adi entzun eta amaieran hainbat dudaren \"\"gainean galdetu zuen. Esaterako, herritar batek honako duda aipatu zuen: “Eman dezagun 15 bazkide daudela, baina horietako lau-bost hileko kuota ordaindu ezinda aurkitzen direla. Arazoa luzatzen bada erabaki daiteke bazkide horiek botatzea. Baina ez badago kooperatibako parte izan nahi nuen kide berririk? Gainerako bazkideak egin beharko lirateke gastu guztiaren kargu?”


Udalaren erantzuna: “Hasteko guk berme  minimo batzuk eskatuko ditugu. Gainera, oso harraroa deritzogu bost-sei lagun ordaindu ezinik geratzea. Baina demagun gertatzen dela. Etxe hauen kostu osoaren estimazioa egin dugu eta gaur egungo gehienak baino askoz merkeagoak dira. Harraroa litzateke inork interesik ez erakustea 27 eskari egon direnean. Dena dela, beti egongo litzateke kooperatibako kide izateko baldintzak moldatzeko aukera, esaterako, Izurtzara bakarrik mugatu beharrean ondoko herrietara ere zabalduz”.


Dena dela, argitu zutenez “Danimarkan eredu hori oso garatuta dago eta ez dago ezer asmatu beharrik; egokiena hango eredua hartu eta gure errealitatera ekartzea izango litzateke”.


 

ESPAINIAKO ETA DANIMARKAKO KOOPERATIBA
SISTEMEN ARTEKO ALDEAK

 

ESPAINIA:

-    Helburu nagusia bazkideei bizilekua ahalbidetzea da.
-    Tradizio gutxi du (ez dago daturik).
-    Normalean kooperatiba hautsi egiten da etxebizitzak jaso ondoren; hau da, eraikuntzarako bakarrik sortzen dira.
-    Ez da legedia espezifikorik existitzen, ezta gobernu-laguntzarik ere.

DANIMARKA:

-    Helburua: bazkideak ez du jabetza eskuratzen, baizik bizilekuko erabilera eskubidea eskuratzen du.
-    Andel ereduak historia eta tradizio luzea du.
-    Inkilinoek jabetzaren kudeaketan parte hartzen dute.
-    Laguntzak daude Andel ereduaren arabera eraikitzeko, eta etxebizitza kooperatibak eraikita daude.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!