Kirol materialari udalaren logoa ipiniz gero, 20 euro merkeago

Anboto 2012ko api. 11a, 13:34
2012rako onartu dituzten diru-laguntzen arteko berritasun bakarra da

2012rako onartu dituzten diru-laguntzen arteko berritasun bakarra da.

 

Udalak dagoeneko herritarren zerbitzura ditu 2012ko diru laguntzak, udalbatzarrean aho batez onartu ostean. Horietako bat berria da: kirol materiala erosterakoan udalaren logoa ipiniz gero, 20 euroko diru-laguntza jaso ahalko du herritarrak.

 

Laguntza lortzeko ez dago kirolari profesionala izan beharrik, kirola maiztasunez praktikatzen duten herritarrei bideratuta ere badago. Logoa luzaroan irauteko moduan txertatuta egon beharko da erositako materialean. Laguntza eskatzerakoan, ohiko dokumentazioaz gainera, erositako materialaren ordainagiria eta txertatutako logoa garbi ikusten den argazkia erakutsi beharko dira udaletxean.

 

Eskaerak banan-banan  aztertuko dituzte, “gehiegikeriak” baztertzeko, baina, oro har, ordenantza irekia dela azaldu dute udal ordezkariek. Arropetan ez ezik, bestelako kirol materialetan (motxiletan edo paddel erraketa batean, esaterako) ipinitako logoek ere jasoko dute laguntza.

 

Haurra izan dutenei laguntza

Aurten seme-alabak eduki edo adoptatu dituzten gurasoei bideratutako laguntza ere eskuragarri dago. Jaiotza edo adopzio bakoitzeko 600 euro jaso ahalko dira. Gastuak haurren beharrizanei lotutakoak izan beharko dira, eta mota horretako dendetan egindakoak: farmaziak, umeen arropa dendak eta halakoak.

 

Diru laguntza hauek ere eska daitezke: herrian etxebizitak alokatzeko (gehienez hilean 250 euroko laguntza); euskara ikastaroen matrikulaziorako, edota udalaren kirol erakundeen eskaintzen abonuetarako. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!