Etxebizitza beharrei buruz galdetu die udalak herritarrei

Anboto 2012ko urt. 26a, 10:54
Herriko buzoietan zabaldu du udalak etxebizitza beharrei buruzko inkesta

Herriko buzoietan zabaldu du udalak etxebizitza beharrei buruzko inkesta.

 

Aurreko legegintzaldian ere burutu zuten izurtzarren etxebizitza beharrei buruzko antzeko galdeketa bat, eta alkateak azaldu duenez, datuak eguneratzeko asmoz eskatu diete orain herritarrei iritzia.

 

Frontoi aldamenean 2009an erosi zuen lursailean 15 etxebizitza aurreikusten dituen udalaren proiektuari lotuta, herritarren etxebizitza beharrizanen berri jaso gura du Izurtzako Udalak galdeketa honegaz: herrian babeseko 15 etxebizitza eraikitzeko egitasmoagaz jarraitzeko oinarri moduan edukitzeko. Herriko buzoietan banatu dute, besteak beste, etxebizitza alokairuan hartu edo erostea gurago luketen; gela bat, bi edo hiruko etxea gura luketen ere galdetzen dien inkesta. Hamabost izurtzarrek erantzun diote inkestari orain arte.

 

Oraindino beste bi astean herritarren iritziak jasoko dituzten arren, nabariak dira zenbait joera: alkateak azaldu digunez, erosketaren aukera hautatu dute gehienek (bederatzik), eta hiru gelako etxebizitza erosteko prest leudekela adierazi dute.

 

2012rako udal aurrekontu proposamenean jaso dute 15 etxebizitza horiek eraikitzeko proiektuaren idazketarako diru-atala.

 

Etxebizitzak eraiki gura dituzten zonalde hori “babesgune akustiko berezi” izendatzeko eskatu du Aldundiak, eta eguaztenean plenoan jorratu dute gaia.   

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!