Lehenengo azoka gastronomikoa San Nikolas egunean

Anboto 2011ko abe. 3a, 09:49
Abenduaren 6an, herriko patroiaren egunean, frontoian ospatuko dute I. Gaztardogi Azoka

Abenduaren 6an, herriko patroiaren egunean, frontoian ospatuko dute I. Gaztardogi Azoka.

 

Durangaldeko eta Bizkaiko eta Arabar Errioxako zenbait herritako nekazariek landutako fruituak eta prestatutako produktuen lehenengo azoka antolatu du, Gaztardogi izenagaz, Izurtzako Udalak: ogia, gozoak, txakolina, sagardoa, ardoa edo fruituak ipiniko dituzte azokako bisitarientzat salgai.

 

Herriko zaindariaren egunean, abenduaren 6ko San Nikolas egunean, 11:00etatik 15:00etara arte egongo dira dozena bat erakusmahaiak frontoian.

 

Azokan parte hartzeko hurreratutako nekazarien erakusmahaien dekorazioa eta salgai ipinitako produktuen kalitatea kontuan hartuta, udal arduradunek azaldu dutenez, hiru sari banatuko ditu azoka antolatu duen Izurtzako Udalak: 125 euroko lehenengo saria, 75eko bigarrena eta 50eko hirugarrena.

 

Inaugurazio ekitaldia

Lehenengoz antolatu duten azoka gastronomikoaren egunagaz bat eginda, elizaren inguruan atondutako Abadetxeko aisialdi gunearen inaugurazio ekitaldia burutuko dute Izurtzan.

 

Herriko dantzariek emanaldia eskainiko dute parke berria inauguratzeko ekitaldian, abenduaren 6ko mezaren ondoren. Nagusiendako gimnasiarako aparatuekin, eserlekuekin eta kale-argi berriekin atonduko dute aisialdi gune berri hori.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!