'Beti ilusioz irten dut frontoira'

Anboto 2011ko ira. 1a, 13:20

Javier Iriondo (Izurtza, 1965) palistak 22 urte daramatza profesionalki pilotan. Izurtzako jaietan omendu egingo dute bere ibilbide oparoagaitik. Gorputzak eutsi bitartean jarraitzeko asmoa duela dio izurtzarrak

Javier Iriondo (Izurtza, 1965) palistak 22 urte daramatza profesionalki pilotan. Izurtzako jaietan omendu egingo dute bere ibilbide oparoagaitik. Gorputzak eutsi bitartean jarraitzeko asmoa duela dio izurtzarrak.

Kantxaren barruan izan ohi zara protagonista, baina jaietan handik kanpora ere zeugan egongo dira begi denak.
Aurten 23 urte egingo ditut profesional moduan, eta herriaren eta herritarren partetik omenaldia jasotzea oso polita da; egia esanda, oso pozik eta denei esker oneko nago.


Ibilbide luzea egin duzu palan. Zer tokitan zaude orain pala munduan?

Normala den moduan ez nago sasoi batean moduan; kolpea, mugimenduak… Igarri egiten da, baina oraindik gerra emateko moduan gaude, eta ilusioz gabiltza.

\"\"Pala asko aldatu da azken urteetan.
Materiala asko aldatu da. Lehenago gaur egun baino pilota biziagoak erabiltzen ziren. Horrek jokamoldean ere eragiten du, eta egokitu beharra dago.

Zer egoeratan dago gaur egun pala?

Zortzi hilabetez jokatu barik egon gara, Deportivotik Miribillako frontoirako aldaketagatik. Laster bueltatuko gara, eta partida asko jokatzea itxaroten dugu.


Telebistan frontoi motzeko partida batzuk eman dituzte, eta ikuskizun ona eskaini izan dute pilotariek.
Jokatzeko moduan asko aldatzen da frontoi luzean edo motzean izan. Mugimendu azkarragoak eskatzen ditu frontoi motzak, eta fisikoki hobeto prestatuta egon beharra dago. Luzean hiru-lau pilotakadatan tantoa amaitu daiteke, eta laburrean 15 pilotakada jo behar izaten dira sarritan.

Zeintzuk izan dira zure ibilbideko unerik onenak eta txarrenak?
Txarrik ez daukat akorduan. Profesional moduan emandako urte denetan disfrutatu dut; batzuetan hobeto arituko nintzen, besteetan ez hain ondo, baina beti ilusio handiz kantxaratu izan naiz. Gustatu zaidan horretan jardun dut.

Gorputzak eutsi artean jarraituko duzu?
Urtea amaitzean erabakiko dut gehiago jarraitu ala ez; enpresak jarraitzea eskatu dit, baina gorputzak zelan erantzuten duen ikusi gura dut. Orduan hartuko dut azken erabakia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!