Lorea Muñoz: "Errepidea traba da herriari bizia emateko; izurtzarrok erdigune bat behar dugu"

Anboto 2011ko urt. 28a, 10:19

Izurtzarrak herriaren etorkizuna lantzen hasi dira oraintsu, Hirigintza Plana berregiten. Lorea Muñoz alkateagaz herrian ikusten dituzten premien inguruan egin dugu berba.

Izurtzarrak herriaren etorkizuna lantzen hasi dira oraintsu, Hirigintza Plana berregiten. Lorea Muñoz alkateagaz herrian ikusten dituzten premien inguruan egin dugu berba. Amaitzear den legegintzaldi honetan zeintzuk izan dira zuen ardura nagusiak? Gure asmoa beti izan da etxebizitzak egitea, gazteek ez dutelako aukerarik Izurtzan geratzeko. Azkeneko urteotan bizitza bakarreko etxe batzuk baino ez dira egin. Horrez gainera, herrigune bat, zentro bat sortzea da gure helburua, eta horretarako herria erdi-erditik zeharkatzen duen den errepidea kendu gurako genuke. Orain hirigintza plan berria eratzen zabiltzate. Zer puntutan dago prozesua? Aditu talde bat daukagu plana diseinatzeko, baina herritarrek prozesuan parte hartzea gura izan dugu. Denon ekarpenak hartzeko batzarrak egin ditugu, eta jende askok parte hartu du; berrogei pertsona inguruk. Inkestak ere egin ditugu; langileei, gazteei... telefonoz deituta. Herritarren ekarpenekin adituek proposamen bat baino gehiago eratuko dute, eta datorren hilean aukera erreferendum egingo dugu, jendeak erabaki dezan zer proposamen gurago duen. Epe laburrera etxebizitzak eraikitzeko asmoa daukazue. 15 etxebizitza egin gura ditugu frontoi atzean, aparkalekuen ondoan. Sozialak edo tasatuak izatea gura dugu, baina oraindik ez dugu zehaztu. Prozesu administratiboan gaude, eta urtebete barru eraikitzen hasteko moduan egotea itxaroten dugu. 2011ko aurrekontuetan alokairuetan laguntzeko diru-atala sortu duzue. Laguntza hori eta ume jaio berrientzako laguntza ere ipini dugu. Ez da Espainiako Gobernuak ematen zuen bestekoa; 600 euro dira. Izurtzako gazteei bertan bizitzen lagundu gura diegu; herrian geratzea eta kanpora joan direnak bueltatzea gura dugu. Frontoi ondoan herrigunea egitea gura dugu, eta plazaren aurrean ere etxeak egitea eskatu digu jendeak. Herria gurutzatzen duen errepidea da oztopo nagusia. Bai. Lau urteotan Foru Aldundiari biribilgunea eta saihesbidea eskatzen ibili gara, planoak hainbat bider aldatzen... Gaur egungo errepidea oinezkoentzat edo astiro pasatzeko egokitu gura genuke, horrela herrigune polita geratuko litzateke. Planoekin borrokan ibili gara, eta orain esan digute dirurik ez dagoela horretarako. Gure ustez, falta den bakarra borondate politikoa da. Guk gure proposamenagaz jarraituko dugu. Radar faltsuak ipini zituzten duela urte bat. Guk Foru Aldundiak ipini zituela pentsatu genuen, eurek guk ipini genituela... eta Aldunditik isun bat ipiniko zigutela esanez etorri zitzaizkigun, \"zirkulaziorako arriskutsua\" ei zelako. Radarrak ipini zituztenean kotxeak 50 km/h ibili ziren, eta normalean 80ra edo gehiagora ibiltzen dira. Radar faltsu horien kaxek bertan jarraitzen dute. Guretzako ez da traba; jendea astiroago joateko balio izan du. Ez dugu gura benetako radarrak ipintzea eta jendea zigortzen hastea. Herri txikietatik pasatzerakoan jendea kontzientziatzea gura dugu; astiroago joatea. Radar kaxak ikusita, etortzen diren kotxe berriak astiroago joaten dira, eta hori ona da guretzat. Zelako kultur mugimendua dago Izurtzan? Azken urteotan handitu egin da. Nagusientzako gimnasia dago, emakumeek ere egiten dute, ikastaroak antolatzen ditugu, eskulanak... astero dago zer edo zer. Gazteek ere hiru euskal dantza talde osotu dituzte. Herrian bizimodua elkarrekin egiten hasi dira. Lehenago elizara joan, kafetxoa hartu eta halakoak bai, baina bestela denok joaten ginen Durangora. Zelan bizi duzu alkate izatea? Oso esperientzia handia da. Asko ikasi dut. Momentu gogorrak ere izan ditugu, baina gauzak ondo irtetzen direnean oso asebetegarria da. Herritarrek konfiantza dute gugan, eta ahal den heinean euren eskariei erantzuten ahalegintzen gara. Ezker Abertzalea hauteskundeetan egon ahalko dela uste duzu? Bai. Hauteskundeetara joango garela pentsatzen dut, baina ziurrenik azken momentura arte ez dugu jakingo. Gu, behintzat, aurrera jarraitzeko moduan gabiltza lan egiten, eta ilusioz, gainera.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!