Aho batez onartu dute iazkoa baino %8 handiagoa den udal aurrekontua

Anboto 2010ko abe. 7a, 09:37

Urte honetako udalaren kontuak gidatu dituena baino %8 handiagoa den aurrekontua onartu dute ezker abertzaleko gobernu taldeak eta jeltzaleek, datorren urterako. Inbertsioen atalean, besteak beste, herrian alokairua sustatzeko diru-laguntzarako 10.000 euro, eta jaio-berrien familientzako 2.400 euroko jasotzen ditu udal aurrekontuak.

Urte honetako udalaren kontuak gidatu dituena baino %8 handiagoa den aurrekontua onartu dute ezker abertzaleko gobernu taldeak eta jeltzaleek, datorren urterako. Inbertsioen atalean, besteak beste, herrian alokairua sustatzeko diru-laguntzarako 10.000 euro, eta jaio-berrien familientzako 2.400 euroko jasotzen ditu udal aurrekontuak. Diru-laguntza berri bi horiek zelan banatu eta egokitu zehazten duen udal ordenantza garatuko dute datozen hileetan. Guztira, amaitzear dugun urte honetarako aurreikusitakoa baino 40.000 euro gehiago (osotara, 250.000 eurokoa da inbertioen atala) jasotzen ditu gobernuak proposatu eta jeltzaleen ekarpenekin osatutako 2011rako aurrekontuak. Herritik aldegin barik, izurtzarrak herrian geratzera bultzatzea helburu duten alokairurako eta jaio-berrientzako diru-laguntzez gainera, beste hainbat proiektu ere garatzeko asmoa agertzen du joan zen barikuan onartutako aurrekontuak; dagoeneko martxan dagoen herriko ordenamendua berrikusteko prozesuagaz jarraitzeko 162.000 euroko atala, herriko altzariteria hobetzeko 30.000 euro, Santo Tomas ermita konpontzeko 9.000, eta autobus geltokia eraikitzeko proiekturako 6.000 euroko partida jasotzen ditu aurrekontuak. Aurrez udaleko Ogasun batzordean eztabaidatu eta landutako aurrekontu proposamenaren aldeko botua eman arren, euren desadostasuna agertu zuten barikuko udalbatzarrean jeltzaleek. Zarrabeitia bozeroalearen berbetan, \"beste udal batzuetan gaiari buruzko gogoeta egin eta zinegotzi eta alkateek jasotzen duten diru kopurua murriztu dutenean, Izurtzako udalean goi-karguen atalean murrizketarik ez aurreikustea ez da bizi dugun krisi egoeragaz koherentea\". Ezker abertzaleko gobernu taldeak aldiz, 2011rako aurrekontu proposamenean eragin zuzena daukan beste gai bat azpimarratu zuen udalbatzarrean: \"herrian kokatuta dauden enpresek burutzen duten ekintza ekonomikoagatiko zergak legeak jasotzen duen eran ordain ditzaten neurr¡ak hartu ditugu, eta 20.000 euroko diru-sarrerak eskuratuko ditu horrela udalak\", Iker Ballarin jarduneko alkateren berbetan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!