Jaiek aurrera darraite Izurtzan

Anboto 2010ko ira. 3a, 08:07

Asteburuan hasitako jaiek ez dute atsedenik hartuko asteon. Eguaztenerako eta astebururako hainbat ekitaldi presttau dituzte.

Asteburuan hasitako jaiek ez dute atsedenik hartuko asteon. Eguaztenerako eta astebururako hainbat ekitaldi presttau dituzte. Udaletxetik jaurtitako txupinazoagaz abioan dira Izurtzako jaiak. Udaletxeko balkoian iaz aguazilak hartu zuen ardura hori. Herritarrei ere parte hartzeko aukera eskaini zieten. Aurten, ekitaldi honen ondoren, parke berria inauguratu zuten. Jendea lasai egoteko gune atsegina sortu dutela inguru horretan azaldu zuten udal arduradunek. Safet Bijelic eskulturgilearen lanak bertan jarri dituzte. Jaietako egitarauan musika, kirolak, meza, txapelketak, herri-bazkaria, dantzariak, kalejirak, bingoa eta beste hainbat ekitaldi antolatuko dituzte. Eguaztenean , irailak 8, meza egongo da Erdoitzako baselizan eta ondoren Mendigain dantza taldeak saioa eskainiko du. Segidan pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte. Arratsaldeko ekitaldiak gaztetxoei begirakoak dira. 15:30ean umeentzako parkea atonduko dute plazan eta 18:30ean Panpix Panpox ipuin kontalariaren txanda izango da. Barikuan, besteak beste, DJ Gato, DJ Matinalen, DJ Unai Zeni eta DJ Iurgi musikariek martxa ipiniko dute Gazte Lekuan 23:00etatik aurrera. Zapatuan, aurtengo nobedadeen artean, Izurtzako gazte atzerritarren harrera zentroko gazteek cous-cous dastaketa prestatuko dute bertaratzen direnentzat. Azkenik, domekan, besteak beste, Miren Amuriza eta Gorka Lazkano bertsolarien saiao egongo da, 12:30ean hasita.

Jaietako kartela

Otxandiar batek irabazi du aurten jaietako kartel lehiaketa. Ainhoa Garatek aurkeztutako proposamena izan da kultura batzordean batzen diren zinegotzi gehienen botoa jaso duena. Lehiaketako oinarrietan agertzen denaren arabera, 250 euro eskuratu ditu. Jaiaren elkargune nagusia eta dantzari biren irudia agertzen dituen marrazkia da kartel irabazlearen osagai nagusia. Bost lagunek aurkeztu dituzte euren proposamenak lehiaketara. Jaso dituzten lan guztiak bildu eta erakusketa ikusgai ipini dute Udaletxean.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!