Hiri Antolamendurako Plana diseinatzen ekiteko lehenengo pausua

Anboto 2010ko ots. 22a, 10:19

Lorea Muñoz alkatea bajan dagoenez, Iker Ballarin alkate-ordearen kalitatezko botoagaz onartu zuten joan zen barikuan, Izurtzako Hiri antolamendurako Plan Nagusia idaztearen zerbitzuaren kontratazio prozedurari ekitea.

Lorea Muñoz alkatea bajan dagoenez, Iker Ballarin alkate-ordearen kalitatezko botoagaz onartu zuten joan zen barikuan, Izurtzako Hiri antolamendurako Plan Nagusia idaztearen zerbitzuaren kontratazio prozedurari ekitea. Gobernu taldeko hiru zinegotzien aldeko botua, eta oposizioko jeltzaleen kontrakoa jaso zuen Gobernuaren baldintza-orri proposamenak. Udalbatzarrean bertan, lau ekarpen proposatu zizkioten jeltzaleek; alde teknikoari dagozkion bi zuzenketak onartu, eta beste biak ez zituen aintzat hartu Gobernu taldeak. Oskar Zarrabeitia bozeroale jeltzaleak azaldu zuenez, \"planaren diseinuaren gaineko gardentasuna bermatzea\" izan dute lau ekarpen horiek helburu: Hiri Ordenamenduaren plana osatzera Izurtzara datorren taldea \"ahalik eta profesionalena\" izatea. Proposamena horiek Udaleko batzordeetan eztabaidara proposatu ordez, udalbatzarrera ekarri izana kritikatu zien Iker Ballarin ezker abertzaleko zinegotziak. Hiri Ordenamenduko plana idazteko ardura izango duen enpresaren hautaketa prozesua gidatuko duen baldintza-orria, onartu bezala egoki ikusten dutela erantzun zien Gobernuak jeltzaleei. Datozen asteetan, baldintza-orria argitaratu, eta alegazioetarako epea igaro ostean, Hiri Ordenamendua diseinatzeko funtzioa izango duten enpresek euren proposamenak aurkeztuko dituzte. Orain arte herriaren lurralde antolamendua gidatu duten Arau Subsidiarioen ordez, beraz, Hiri Ordenamendurako Plana garatzen hasteko lehenengo pausua eman dute Izurtzako Udalean. Herriaren lurralde antolamendua gidatzen duten Arau Subsidiarioak berrikusi barik egon dira 1996 urtetik. Hiri Antolamendurako Planaren alde teknikoa eta juridikoa landuko dituen taldeak jardungo du arau berria diseinatzen. Lau-bost urteren buruan aurreikusten dute Udalean Plana amaituta eta Bizkaiko Aldundian aurkezteko moduan egongo dela.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!