Aho batez onartu baina luze eztabaidatutako aurrekontua

Anboto 2009ko aza. 18a, 11:23

Osotara, 699.000 euroko kopurua biltzen duen aurrekontuaren alde bozkatu arren, aurrekontuko gai zehatz biri buruzko euren desadostasuna adierazi zuten jeltzaleek, barikuko udalbatzarrean.

Udaleko zinegotzi guztien aldeko botoa jaso zuen 2010erako aurrekontu proposamenak, joan zen barikuan egin zuten udalbatzarrean: udalbatzarreko alderdi bien arteko eztabaida luzea izan zen arren, aho batez onartu dituzte.

Osotara, 699.000 euroko kopurua biltzen duen aurrekontuaren alde bozkatu arren, aurrekontuko gai zehatz biri buruzko euren desadostasuna adierazi zuten jeltzaleek, barikuko udalbatzarrean. Zarrabeitia bozeramaileak azaldu zuenez, aurrekontuko partida zehatz bigaz ez daude ados. Batetik,  “txabolaren konponketara 25.000 euro bideratzea”, egoera ekonomikoa eta herriak daukan inbertsio beharra kontuan hartuta, ez ei zaie jeltzaleei apropos iruditzen. Gobernu taldeak, bere partetik, Mendigaineko txabola herriaren ondarea dela-eta, konpondu ondoren herritarrek baliatzeko moduak bilatzeko asmoa agertu zuen. Bestetik, efizientzia energetikoari dagokion 18.000 euroko inbertsioaren inguruko informaziorik ez daukatela nabarmendu zuten jeltzaleek udalbatzarrean.

Aho batez onartutako datorren urterako aurrekontuak jasotzen duen inbertsio nagusia, baina, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra diseinatzeko prozesura bideratzea aurreikusten dutena da: 89.000 euro. Osotara, 212.000 euroko inbertsioak jasotzen ditu aurrekontuak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!