Industrigunea bikoizteko plana eragotzi izana legezkoa zela dioen epaia

Anboto 2009ko ira. 23a, 08:44

Batzar aretoan egin zuten Udal Gobernuko hiru zinegotzik eta Lorea Muñoz alkateak atzo agerraldia. Arrazoia: AR-2 industriaguneari dagokionez izandako auziaren inguruko Udalaren balorazio juridiko eta politikoa egin dute.

Batzar aretoan egin zuten Udal Gobernuko hiru zinegotzik eta Lorea Muñoz alkateak atzo agerraldia. Arrazoia: AR-2 industriaguneari dagokionez izandako auziaren inguruko Udalaren balorazio juridiko eta politikoa egin dute.

Aurreko Udal Gobernuak bultzatutako Industriaren Plan Partzialaren onarpena geldiarazi zuen 2007an herriko agintea hartu zuen ezker abertzaleak. Talde horrek bertan behera utzitako industriagunearen ordenamendua azaltzen zuen plan horretan jasotzen zenez, 90.000 metro karratuko industriagunea egingo zen herrian.

Muñozek adierazi zuenez, “2007ko maiatzean, udal hauteskundeak izan baino 20 egun lehenago egin zuen gobernuak planaren behin-behineko onarpena, jabeen eta garapen industrialaren promotoreen interes ekonomikoak blindatzeko helburuagaz”. Aipatutako egitasmoa geldiarazteagaitik auzibidea abiatu zuten lau enpresak Udalaren kontra.

Sententzia “eredugarria”

“Jabe edo promotore pribatuen interes ekonomikoen gainetik”, nabarmendu dute prentsaurrean agertutakoek, “izurtzarren bizi-kalitatea eta interes orokorra” daude. Beste herri eta kasu batzuetan eredugarri izan daitekelakoan, oso garrantzizkotzat jo dute Auzitegi Nagusiaren sententzia hori.

Plana bertan behera uzteagaitik Udalaren kontrako auzibidea hartu zuten lau enpresak gogor kritikatu dituzte ezker abertzaleko ordezkariek: Udalak hartutako Plan Partziala geldiarazteko erabakiaren kontra errekurtsoa aurkeztu zuten lau enpresek, eta Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak Udalaren aldeko sententzia plazaratu duen honetan ere helegitea aurkeztu dute enpresek.

Industriaguneari dagokion plana osatzeko, “industriaren eta ingurumenaren arteko oreka mantentzea” eta “izurtzarren parte- hartzea sustatzea” oinarri izango ei dituen Hiri Antolamendu berria zehaztea izango dutela helburu nabarmendu du alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!