Herriko lurren desjabetzarik ez du eragingo AHTaren eraikitzeak

Anboto 2008ko urr. 16a, 12:35

Hasierako proiektuak jasotzen zuena baino beheragotik eraikiko omen dute Tabirako bidezubia, eta beraz ez da desjabetzarik egingo Izurtzako lurretan

Lur-dejabetzei dagokienez herriak Abiadura Handiko Trenaren proiektuaren eraginez jasango zituen kalteak ez, baina ondoan izango duten bidezubi edo biaduktoak herrian sortuko dituen kalteak  bere horretan dirautela nabarmendu digute asteon Izurtzako Udalean; eskualdeko herri guztietan bezala, diote udal arduradunek.

Trenaren herriarezko eragina, beraz, guztiz aldatzen da hasierako proiektuan jasota zegoenetik exekuzioko proiektuan zehazten denera. Hasierako proiektu hartan jasota zegoenez, udalerriko bederatzi lursaili eragingo zien Abiadura Handiko Trenak, Abadiño-Durango zatia Izurtzatik igarotzerakoan; bederatzi lursail desjabetu behar zituzten Izurtzan. Abadiñon lanak hasita eta eskualdean hainbat lursail oraindio desjabetu barik daudela, proiektuan aldaketak zehazten jarraitzen dute teknikariek.

Hasierako proiektuaren arabera desjabetuak izango ziren bederatzi lursailak sei jaberenak ziren, eta euretariko bat Izurtzako Udalaren jabetzakoa. Hain zuzen ere, exekuzio proiektuaren arabera lursail hori desjabetu beharrik ez dutela izango jakinarazi dietenean adierazi diete Udalari “trenak Izurtzan daukan eragina desagertu egin dela”, Abadiño-Durango zatiko egitasmoaren aldaketak direla-eta.

Tabirako bidezubia
Aldaketan jaso dituzten planoetan agertzen denaren arabera, lurren desjabetzeak eragiten duen esparrua Izurtzako udal-barrutia hasten den lekuan amaitzen da. Azaldutako proiektuko aldaketa, Tabirako bidezubian egingo dutena da: Tabirako bidezubia aurreikusitakoa baino metro batzuk beherago egingo dutela jasotzen baitute exekuzio proiektuko planoek, eta, beraz, Izurtzako lurretan ez du desjabetzarik eragingo.

Udalean galdetu dugunean azaldu digutenez, Abiadura Handiko Trenaren Abadiño-Durango zatian hasierako proiektuari dagokionez egin dituzten aldaketak “muga fisikoei begiratuta egin dituztela ematen du”, eta euren berbetan, “teknikoki ez da gauza serioa” lurren jabegoaren arabera gauzatzea Abiadura Handiko Trena lako egitasmo handi eta esanguratsu bat.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!