
Gazteek eurek antolatuak izan dira jaietako joan zen asteburuko bingoa eta paella lehiaketa, esaterako. Jaietako bigarren asteburu honetarako antolatu dituztenen artean, berriz, bestelako ekarpena egin diete gazteek jaietako egitarauari, euren berbertan, zeozer desberdina, berezia eta osagarria eskaini guran. Plazan izango diren kontzertuen osterako, bariku goizaldeko ordu batetik aurrerako, dj emanaldia antolatu dabe Gazte Lokalean bertan: hiru lagun izango dira bertan bildutakoentzat musika jartzen.
Balorazino positiboa
Azken urteetan beherakada nabaritu dutela Izurtzako jaietan esan digute gazteeek, baina aurtengoan jaiak berrindartzea lortu dutela. Inguruko beste jai batzuekin batera ospatzen diren jaietara jende nahikoa hurreratu dela, eta “giro bikaina izan delako oso balorazio positiboa egiten dugu”, esan digute orain artekoari buruz. Gazte Lokaletik antolatutako ekitaldietan jendeak izan duen parte-hartzearekin oso gustura agertu dira.
Lehenago Mendigain dantza taldeak betetzen zuen lokala gazteen elkargune izan zitekeen utzi zien Udalak, eta ordutik, apurka-apurka, geroago eta jende gehiago hasi omen da gerturatzen. Hasieran sei bat lagun hasi zirela batzen esan digute, eta gaur egun hogei inguru batzen direla. Bere garaian, lokala uztearen truke konpromisoa eskatu zien Udalak gazteei, herriko jaietako egitaraua antolatzen parte hartzea, eta urtean zehar be horrexetan ibiltzen direla esan digute gazteek.