
Mila orritik gorako dokumentua da Durangaldeko Zati Plana, eta Izurtzako udaletxe parean egindako agerraldian nabarmendu dutenez, “bi hilabetean guztia aztertu eta alegazioak prestatzea, gaian sakontzeko borondate eza erakusten duen astakeria da”. Uztailaren 23an amaitzen den alegazioak aurkezteko epea luzatzea da Ezker Abertzaleko ordezkarien lehenengo helburua, “benetako analisi bat egiteko eta alegazio herritarrak prestatzeko”, diotenez. EAJren aldetik jasotako erantzun kontrajarriak ere kritikatu dituzte agerraldian; herri batzuetan luzatzearen alde egin dute eta beste batzuetan, aldiz, kontra.
Plan horrek “neurririk bako hazkunde eredua planteatzen du”, Niko Moreno Elorrioko alkateak azpimarratu duenez, “eta horrek gizarte ereduagango itzelezko eragina suposatzen du: industria erraldoiak, etxebizitza kopuru izugarria, Abiadura Handiko Trena eta merkatalgune erraldoiak bultzatzen ditu”. Garapen neurrigabe horrek gure eskualdean izango duen eragina ez dela Aldundiaren plangintza horretan aipatzen nabarmendu du Morenok, nekazal lurrak ez dituztela babesten eta eskualdeko hiltegia ez dutela plangintzan jaso.
Eredu “desarrollista”
“Argi ikusten dugu A8 autobidearen hegoalderako lurrak etorkizunean enpresaz beteko dituztela plangintza horren arabera, eta korridore industrial bilakatuko digutela inguru hori guztia”, salatu du Elorrioko alkateak.
Zati Plan horretan jasotzen diren inundabilitate mugak zehaztearekin ados dauela aipatu dute, bestalde, Ezker Abertzaleko ordezkariek, “baina Aldundiari galdetzen dioguna da inundabilitate muga horreetan eraiki ez daiten zer egiteko prest dagoen”, Morenoren berbetan.
Mugikortasuna kezka
“Durangaldean bizi garenok ederto sufritzen dugun arazoa da gure komunikazio sareek duten arazo kronikoa”, nabarmedu dute prentsaurrekoan, “PTP horrek arazoari irtenbide partziala ematen dio”. Autobide berriak, zabalduko diren errepideek eta Abiadura Handiko Trenak eskualdeko biztanleen bizi-kalitatean izango duten eragina ez dutela plangintzan aipatzen salatu dute, eta datozen 16 urterako hirigintza, garraio eta gizartze plangintza lantzeko garaia dela nabarmendu.