"ANBOTOk eskualdearen berri euskaraz irakurtzeko aukera eskaini du 25 urteotan"

Aritz Maldonado

Isaac Amezaga, ekitaldi batean.

Urteurrena, ospatzeko ez ezik, "egindako lana aitortzeko eta eskertzeko ere bada", azpimarratu du Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zuzendariak. "Aurrera egin dezazuela, Durangaldea euskaraz kontatzen, herritarren eta erakundeen ahotsa izaten eta eskualdeko komunitatea ehuntzen". Aldundiarentzat Bizkaia euskaldunago bat izatea lehentasunezkoa da. 

Zelako osasuna dute euskarak eta euskarazko komunikabideek Bizkaian?
Azken hamarkadetan aurrerapauso nabarmenak eman dira euskararen ezagutzan, batez ere belaunaldi gazteenen artean. Hezkuntza sistemak, euskararen aldeko politikek eta gizarte eragileen lanak emaitza garrantzitsuak ekarri dituzte. Geroago eta biztanle gehiagok dakite euskaraz, baina ezagutza horrek ez du beti erabileran isla bera. Hor dago, hain zuzen ere, gure erronka nagusia. Bizkaian euskararen egoera ez da berdina Lea-Artibain, Durangaldean, Arratian edo Bilbo Handian. Eskualde batzuetan euskarak presentzia eta indar sozial handia dauka; beste batzuetan, ostera, askoz ere gatxagoa da euskaraz bizitzeko eta hartu-emanak euskaraz izateko aukerak aurkitzea.

Euskarazko komunikabideei dagokienez, Bizkaian tokiko komunikabideen sare aberatsa dugu, eta hedabide horiek ezinbestekoak dira herrietako eta eskualdeetako errealitatea euskaraz kontatzeko. Hala eta guztiz ere, sektoreak zailtasun handiak ditu: finantziazioa, profesionalizazioa, lan baldintzak, publizitate-merkatua eta kontsumo ohituren aldaketa, besteak beste. Horri gehitu behar zaio plataforma digital handien lehia eta gazteengana ailegatzeko beharra. Ezinbestekoa da euskarazko eduki erakargarriak sortzea formatu eta kanal berrietan ere.

Bide horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzaren aterkipean, euskarazko hedabideak babesteko dirulaguntza-lerroak ditu, eta hori ezinbestekoa da tokiko komunikabideen jarduna eta, era berean, euskararen etorkizuna bermatzeko.

Argazki horretan, zelan ikusten dituzu Durangaldea eta ANBOTO?

Lehenengoa, mezu apokaliptikoetatik ihes egitea. Hortik abiatuta, helburu nagusia, Bizkaia euskaldunago bat izatea da. Euskara dakitenek erabiltzeko aukera, ohitura eta motibazioa izatea eta ez dakitenak erakartzea. Euskara presente egoteko ahalegina egiten ari gara gizarte-harremanen eremu guztietan: hedabideak, arlo sozioekonomikoa, aisialdia, kultura eta kirola, gazteak, teknologia barriak, etorri barriak, familia transmisioa… eta, era berean, hizkuntza-eskubideen zaintza. Bada, horretarako guztirako gabiltza, erakunde barruko hizkuntza-plangintzarekin ekinean eta -normalizazioa bultzatuz foru-sektore publikoan (enpresetan zein foru-erakundeetan). Gainera, Bizkaiko udalen kasuan, udal-eremuan euskararen erabilera sustatzen laguntzen jarraituko dugu.

Tokiko errealitateari be erreparatu behar diogu. Lurraldeko eskualde guztietara heltzeko helburuarekin eta Bizkaiak duen aniztasuna kontuan hartuta, lurraldeko euskaltzaleekin lanean dihardugu, Taupa mugimenduarekin batera “Bizkaian bagara. Berbak zubi” programaren bitartez. Euskararen erabilera handitzea, hizkuntzaren biziberritze prozesuan urrats berriak ematea eta  biztanleria-sektore berrietara normaltasunez hurbiltzea dira "Bizkaian Bagara"ren ardatz nagusiak. Esan bezala, gure gizartea gero eta askotakoa da, eta hori aukera bat be bada. Eta euskera ez da inor baztertzeko tresna; elkar ezagutzeko, harremanak  sortzeko eta komunitatea eraikitzeko zubia izan behar da.

Holan, “Zu ere euskaldun” egitasmoaren bidez, Bizkaira bizitzera etorri diren jatorri desberdinetako herritarrei, euskera, euskal kultura eta gure nortasunaren berezitasunak ezagutaraztea be, gure lehentasunen artean dago. Euskararen Etxea ezagutzera emateak be aparteko garrantzia dauka guretzat. Europako Kontseiluaren 2025eko Museoaren Saria (Council of Europe Museum Prize) jaso zuen, Europako kultur ondareari egindako ekarpen paregabea eta hizkuntza aniztasunaren alde egindako lana aitortuz. Bertan, Euskararen Interpretazio Zentroa daukagu, eta gurako genuke zentro hori erreferente izatea Europako gainerako hizkuntza gutxituentzat. Horren harira, unibertsitateetatik igaro ostean, urrian Lemoan hasi eta lurraldeko eskualde guztietan zehar ibiliko den erakusketa ibiltari bat be martxan dugu.

Horretaz aparte, sarri esaten dut, batzuetan geratzen zaigun diru-emaile hutsak izatearen sentsaziotik harantzago joan behar dugula, eta, horretarako, euskararen eragileen artean dagoen talentua, kalitatea eta lana bideratuko dituen egitura orekatua bilatu beharko dugu, egiten dutena bermatzeko eta ezagutzera emateko.

Zelako eragina du bere komunitatearen euskalduntzean?
Lehenik eta behin, zorionak ANBOTOri, eta urte hauetan guztietan proiektua posible egin duten pertsona guztiei: kazetariei, langileei, kolaboratzaileei, irakurleei eta babesleei. Hogeita bost urte ez dira egunero betetzen, eta are gutxiako euskarazko tokiko komunikabide baten kasuan. Horregatik, urteurrena ospatzeko ez bakarrik, egindako lana aitortzeko eta eskertzeko ere bada.

ANBOTOri esango nioke aurrera egin dezala Durangaldea euskaraz kontatzen, herritarren eta erakundeen ahotsa izaten eta eskualdeko komunitatea ehuntzen. Gertuko kazetaritzak balio handia du, bereziki gaur egungo informazioaren abiaduraren eta globalizazioaren testuinguruan. eta hori euskaraz egiteak balio erantsi berezia dauka.

Irakurleei, ostera, esango nieke ANBOTO zaintzea eta babestea guztion ardura dela. Hedabide bat ez da kazetari-talde baten lana bakarrik; irakurtzea, partekatzea, iritzia ematea eta euskarazko informazioa kontsumitzeko ohitura mantentzea funtsezkoa da proiektu horiek iraun dezaten. Eta etorkizunera begira, gurako nuke beste 25 urte barru ere ANBOTO Durangaldeko erreferente izatea, belaunaldi berriengana iristea eta euskarazko komunikabideen artean bere lekua izaten segitzea. ANBOTO indartsu egotea Durangaldeko euskararentzat ere albiste ona da. 

Beraz, zorionak eta eskerrik asko egindako lanagatik. Jarrai dezagun Durangaldea euskaraz bizitzen, euskaraz kontatzen eta euskaraz eraikitzen! 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!