Urterik urte ANBOTOren bezero fidelak izan zarete. Zelan ikusten duzue orain arteko elkarlana?
Vanesa Deldago: ANBOTOgaz hartu-emana beti izan da oso ona. Orain 20 urte zabaldu genuen Gau Argi eta hasierako urteetan gure ardura negozioa martxan ipintzea izan zen. Urte batzuk joan eta gero, ANBOTOn publizitatea ipintzen hasi ginen eta halantxik jarraitu dugu gaur arte.
Lorena Porras: Bai, hala da. Guretzat erraza izan da beti ANBOTOgaz lan egitea.
Zein da ANBOTOk eskaintzen dizuen balio erantsia?
L.P.: Iurretan bertan dago eta Durangaldean kaleratzen den astekaria da, gertuko informazioa lantzen duena. ANBOTO etxekoa da guretzat.
V.D.: ANBOTOk eskualdean ikusgai egoteko aukera eskaintzen digu. Gainera, Durangaldean antolatzen diren ospakizun eta ekitaldietan ere presente egon gaitezke eta bitarteko bat da herritarrek gu apur bat gehiago ezagutzeko. Astekaria ez ezik, webgunea ere hor dago eta horrek aukera eman digu Interneten ere presente egoteko. Hori abantaila bat da guretzat.
Durangaldean ANBOTO lako proiektu bat egotea garrantzitsua dela uste duzue?
V.D.: Bai. Herritarrak informatuta egotea gura dugu. Informazio orokorra interesatzen zaigu, baina gertukoa ere bai. Inguruan gertatzen denak gehiago eragiten digu, eta horren inguruko informazioa izan gura dugu. Alde horretatik, ANBOTO oso garrantzitsua da. Nazio mailako beste komunikabide batzuetan ez duzu erraz topatzen gertuko informazio hori.
L.P.: ANBOTOk gertutasun handiagoa ematen du. Eta, askotan, gertu ditugun eta erabilgarri izan genitzakeen zerbitzuen berri jakin gura dugu herritarrok, urrunekoak baino gehiago. Gainera, ANBOTOk gure inguruko albiste eta gertaerez informatzen du. Herria eta herritarrak ipintzen ditu erdigunean.
ANBOTO lako tokiko hedabide bat ezingo litzateke bizirik mantendu merkatari eta ostalarien babesik barik, publizitaterik barik. Era berean, ostalariok erakusleiho bat behar duzue. Zuen ustez, garrantzitsua da tokiko ostalari eta komunikabideen arteko sinergia?
L.P.: Bai, denok dugu elkarren premia. Eta gure arteko elkarlana denon mesederako da. Tokiko komertzio, taberna, negozio edo proiektuek bizia ematen diote herri bati. Batak bestearengan eragiten du eta elkarreragite hori denon onerako da. Herrian ogia erosteko edo kafe bat hartzeko leku bat badaukat, ez dut beste inora joan beharrik. Bada, ANBOTO irakurrita, nire herrian zerbitzu berriren bat zabaldu duten jakin dezaket. Azken finean, dena dago lotuta.
V.D.: Herrian mugimendua egotea gustatzen zaigu. Eta tabernaren alboan beste establezimendu bat egotea denon onerako dela uste dut, horrek herria girotzen duelako.
ANBOTOn publizitatea ipintzeak balio izan dizue zuen negozioa ezagutarazteko?
L.P.: Bai. Dena dela, Iurreta herri txikia da eta denok elkar ezagutzen dugu. Beraz, ANBOTO lako proiektu bat babestea ere bada gure helburua, eta bertan publizitatea ipinita helburu hori lortzen dugu neurri batean. Gure negozioarentzat ona da, baina ANBOTO lako proiektu bat egotea denontzat da onuragarria. Elkarri laguntzea garrantzitsua da.
V.D.: Herria egiteko modua dela uste dut. Herriaren parte izateko ahalegina egitea gustatzen zaigu denoi.
Euskara da ANBOTOren ardatza. Zuen egunerokotasunean edo tabernako bezeroekin hartu-emanean, balioa ematen diozue euskara erabiltzeari?
V.D.: Bai, eta ahal dudan neurrian ahalegintzen naiz bezeroekin euskaraz egiten.
L.P.: Bezeroekin euskaraz harremantzea garrantzitsua da, bai, eta euskaraz egiten ahalegintzen gara beti.
Amaitzeko, zein mezu zabaldu gura zenukete ANBOTOren 25. urteurren borobil honetan?
L.P.: Gure herrian eta gure inguruan gertatzen denaren berri emateko egindako lana benetan garrantzitsua dela nabarmendu gura nuke.
V.D.: Bai. Jende askok osatzen duzue ANBOTO. Banatzaileak ere ahaztu barik. Eta gu ere propiektu horren parte sentitzea lortu duzuela esan gura nuke. Hori ez da erraza izaten eta zoriontzekoa da. Iurretarrek asko maite dute ANBOTO, eta guk ere bai, jakina.