GPON teknologia ez da arrotza gure bizitzetan. Askok etxean Internet izateko daukagun zuntz bidezko konexioa teknologia horren bitartez heltzen zaigu. Lanbide Heziketan, pauso bat gehiago eman dute eta teknologia hori bereganatu dute aukera desberdinak aztertzeko: alde batetik, Internet operadore txiki bat sortzeko erronketan, eta, bestetik, industrian duen eta izango duen ibilbidea aztertzeko. Ildo horretatik, gai honi buruzko topaketa antolatu dute asteon.
CIFP Iurreta LHIko adituek Industria eta ekoizpen prozesuen digitalizazioa funtsezkotzat jotzen dute abantaila konpetitiboa lortzeko. Mota horretako ingurune bat digitalizatzeak prozesuekin lotutako datuak era azkar, seguru, jasangarri eta eraginkor batean transmititzeko beharrak dakartzala nabarmendu dute.
Argi-abiadurako GPON autobide seguruak
Proiektuak lortu duen babesak argi uzten du CIFP Iurreta LHIk azken belaunaldiko teknologiaren ezagutza ikasleei transferitzeko egiten duen apustua lerrokatuta dagoela erakunde eta enpresen beharrekin. Hori horrela izanik, 4.0 industrian, GPON (Gigabit-capable Passive Optical Network) edo Gigabit-gaitasuneko Sare Optiko Pasiboek funtsezko eginkizuna beteko dute. Lanbide Heziketa teknologia berri honen ezarpenaren zati izan dadin, beharrezkoa da ezagutza horren transferentzia burutzea. Hori dela eta, aditu gisa jardun duen Televes enpresa eta hiru ikastetxe batu dira informazio-trukea gauzatzeko: Urnieta eta Zaragozako Salesiarrak eta CIFP Iurreta LHI. Proiektuak Espainiako Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioaren diru laguntza lortu du bi urteren buruan gauzatu dadin. Proiektuak bere barruan hartzen ditu gai honekin lotutako oinarri hauek:
-Lanbide Heziketara teknologiaren ezagutzaren transferentzia burutzea.
-Proiektua gauzatzeko beharrezko materialen alokairua.
-ETHAZI ereduan oinarritutako euskarazko hezkuntza materiala sortzea eta eskuragarri jartzea.
-Lortutako jakintzaren transferentzia burutzea beste ikastetxe eta inguruko enpresetara.
Televes bidelagun
Televes enpresak sektore desberdinei komunikazio eta entretenimendu irtenbide integralak eskaintzen dizkie GPON sistemaren bidez. Horien artean daude abiadura handiko Internet, telebista zerbitzu pertsonalizatuak eta WiFi sareak, besteak beste. Punterengo enpresa honen esperientzia ezaguztea garrantzitsua izan da Iurreta Lanbide Heziketa Zentroarentzat, aurrean duen erronkari heltzeko.
|
Gradu bikoitza eta DUAL praktikaldia ikasleen prestakuntzan eragiteko ![]()
CIFP Iurretako LHII nobedadeekin dator datorren ikasturterako. EAEn aitzindaria den "Instalazio elektriko eta automatikoen eta telekomunikazioen gradu bikoitza" ezarriko dute 2026/2027 ikasturterako. Bertan Lanbide Heziketako erdi-mailako "Instalazio elektriko eta automatikoak" eta "Telekomunikazio Instalazioak" zikloen edukia lantzen da hiru ikasturtetan zehar. Lan munduan eskari handia duten zikloak dira biak ala biak eta uztarketarekin jakintza osatuagoa izatea lortzen da. Amaieran bi ziklo horien titulua lortzen da behe-tentsioko instalatzaile baimendua ziurtagiri edo oinarrizko karnetarekin batera. Gainera, azken urteetan Lanbide Heziketako DUAL sisteman aldaketak izan dira. Horien berri ere eman da Iurretako jardunaldietan: ziklo bakoitzean ikasleek 500 orduko praktikaldia burutzen dute guztira. Lehen mailan hiru astekoa, eta bigarren mailan hiru hilabetekoa. |
|
Ehkom, telekomunikazio sare ireki eta komunitarioen aldeko apustuan
Ehkom irabazi asmorik gabeko kooperatibak ere bere proiektua azaldu du Iurretan antolatutako jardunaldietan. Ehkom lankidetza publiko-komunitarioan oinarrituta Euskal Herrian telekomunikazio-sare irekiak eratzen eta kudeatzen dituen kooperatiba da. Euren asmoa herritarrak, erakunde publikoak eta bestelako eragile komunitarioak elkar konektatzea da, berauen arteko elkarlana sustatuz eta baliabideak eta zerbitzu teknologikoak parte-hartzaile guztien artean partekatuz. Bide horretan sortu dituzten sareetako batzuk GPON teknologiaz baliatzen dira. Eratu nahi dituzten sareen izaerari dagokionez, Ehkomek garatutako sareak "irekiak, libreak eta neutralak" direla azaldu dute. Jakintza eta helburu hauei lotutako ikerketak, proposamenak eta analisiak —zein ehun sozialeko gainerako eragileekin harremantzeko mekanismoak — idaztea, editatzea, argitaratzea eta zabaltzea kooperatibaren helburu nagusienetako bat da. Hartara, Iurretan ere jakintza hori guztia azaltzeko aukera izan zuten. |

