Zelakoa izan zen Atharratzeko esperientzia?
Errime euskara elkartekook autobusa antolatu genuen eta Korrikaren hasiera bertatik bertara bizi izan dudan lehenengo aldia izan zen. Eta Atharratzen ere sekula egon barik nengoen. Oso polita eta hunkigarria izan zen. Jende asko, eguraldi ona… dena borobil irten zen. Errime euskara elkarteko banderola batzuk ere eraman genituen. Kotoizko kamiseta jantzita eta motxila aldean, ez neukan korrika askorik egiteko asmorik, baina hasi ginen, sartu ginen milaka lagun kale estu batetik eta aurrera eta aurrera joan ginen. Furgoneta harrapatu behar nuela okurritu, eta bost kilometro behar izan nituen harrapatzeko. Banderolagaz furgoneta ikutu, eta Atharratzera buelta. Pena bakarra goiz bueltatu beharra izan zen, hiru orduko bidaia geneukan eta. Errepikatzeko moduko esperientzia izan da.
Zer antolatu duzue Korrikara begira?
Atzo argazki bat atera genuen lekuko eramaileekin. Bariku goizean Korrika txikia dago, Orobiogoitian hasita, Maiztegiko eta Orobiogoitiako ikasleekin. Arratsaldean, puzgarriak eta umeentzako tailerrak egongo dira, Askondoko karpan. Zapatu iluntzerako hitano poteo bat antolatu dugu, eta ondoren, trikitilariek lagunduta, Durangora joango gara, Landako Guneko afarira. Amaitzeko, Iurretara bueltatuko gara, Korrikari harrera egiteko.
Kamisetak atera dituzue zuk sortutako irudiekin. Zelan sortu zen ideia?
Orain urte batzuk, taldetxo bat batzen hasi ginen euskararen inguruko ekitaldiak antolatzeko. Aurreko Korrika egun eta ordu aproposean pasatzen zen Iurretatik jendeak parte hartzeko, eta egitarau zabala sortu eta marrazki bat egin nuen. Jendeagaz partekatu eta asko gustatu zitzaien. Kamisetak atera genituen eta baturiko diruagaz Korrikako ekimeneko gastuen zati bat finantzatu genuen. Sobratutako dirua AEKri eman genion. Aurten ere kamisteak atera ditugu, baina udalak euskalgintzako kontuetarako finantziazio bat bermatzea lortu dugunez, ez diogu oihartzun handirik eman. Jendeak AEKko materiala erostea gura dugu. Korrika horretarako ere bada eta hori bultzatu gura dugu.
Errime 2025 hasieran sortu zen. Zelan joan da orain arteko bidea?
Sortu eta segituan Euskaraldia etorri zen eta euskara elkartekook horri heldu genion. Tabernekin eta txosnekin lanketa bat egin genuen jaietan euskarazko musika eskaintza zabala egon zedin. Orain Korrikara bideratu dugu gure ahalegina, eta horretan gabiltza. Euskaraldiaz eta Korrikaz gainera, euskarak urtean 365 egun behar dituela ere aldarrikatu gura dugu, eta udalak euskalgintza urte osoan bere agenda politikoaren erdigunean ipini dezala. Ez gara asko eta denak mila saltsatan sartuta gaude, baina gure ekarpena egiten jarraitzeko prest gaude.