[IRITZIA] Maiztegi Herri Eskolako jolastokiaren inguruan. 'Ni han egon nintzen'

Anboto 2025eko abenduaren 1a

Arantza Zugazaga Maiztegi Herri Eskolako zuzendari ohiak eskolako jolastokiaren inguruko eztabaidaren harira,  ondorengo iritzi gutuna kaleratu du.

Arantza Zugazaga Etxebarria naiz. Maiztegi Herri eskolan 36 urtez irakaslea izan naiz. Eskolako jolastokia eraldatze prozesuaren hastapenetan zuzendaria izan nintzen. Gaur egun, erretiroa hartuta nago. Eskolako amama naiz eta Talde Elkarreragiletan bolondres moduan aritzen naiz eskolan.

Azken egun hauetan, Maiztegi H.E.-ko jolastokiaren inguruan entzun eta irakurritakoaren ondoren, nik bizitakoa azaltzeko premia sentitu dut.

Jolastokia berritzeko gaia aspalditik dator. Patioaren eraldatze proiektuan pertsona askoren urteetako dedikazioa eta inplikazioa dago. Besteak beste, ikasle, irakasle, jantokiko eta eskolako langileak, familiak, udal ordezkariak, Deustuko Unibertsitako ikerlariak, arkitektoa.... Izugarrizko lan sakona egin da. Formazioak egin dira, eredu desberdinak ezagutu dira, hainbat eta hainbat bilera burutu dira eta hausnarketa kolektiboak egin dira akordioetara iristeko.

Hauxe da azken 5 urteetako kronika:

2020-2021
Ikasturtean zehar bai alkate eta udal aparejadorearekin izandako bileretan jolastokia berritzeko plan integralaz hitz egiten da. Premiazko beharrizanei erantzun koherente eta iraunkorra emateko; ortuaren birkokapena, aterpeak eta itzalak, txintxaunen aldaketa...

Ordezkaritza Organo Gorenean, 2021-2022 ikasturtean Ametsa-ren bitartez eskola komunitate guztiari jolastokiaren inguruko galdeketa egitea erabakitzen da. 

2021-2022 
Prozesu parte hartzailea egiten da: AMETSA. Eskola komunitate osoak; ikasle, familiak, eskolako langileak, irakasleak eta baita udalak ere, kanpo espazioaren inguruko beharrizanak, nahiak eta proposamenak idatziz adierazten dituzte. Ametsan jasotako ideia guztiak sailkatu egiten dira. Inoiz baino iritzi kopururik handiena ematen da.

2022-2023 
Udal aparejadoreak, txintxaunen egoera oso txarra dela eta, urgentziaz berriak aukeratzeko eskatzen du. Ametsaren batzorde mistoan (irakasle eta familiak) aukeraketa egiten da, udalak esandako aurrekontua eta inklusio irizpideak kontuan hartuta. Alkateak txintxaun hauek patio berrian birkokatuko direla adierazten du. 

Deustuko Unibertsitateko ikerlarien ezinbesteko laguntzarekin Ametsetako ideiak planoetara pasatzen dira. Inklusio, berdintasun, elkarbizitza, osasun, ongizate eta hezkuntza irizpideak jarraituz bete-beteko proiektua osatzen da. Prozesuan bilera eta elkarrizketa ugari egiten dira komunitateko partaide guztiekin. Tarteka udal ordezkariekin ere.

Ikasturte bukaeran Ametsetik sortutako Proiektua Udalean aurkezten da. Bilera honetan, alkatea, eskolako udal ordezkaria, udal aparejadorea, Deustuko Unibertsitateko ikerlariak, guraso eta irakasle ordezkariak eta zuzendariak parte hartzen dugu. Proiektua sakon aztertu ondoren, udalak onartu egiten du eta alkateak hurrengo pausoak ezartzen ditu.

Udalak konpromiso hauek hartzen ditu: 

2024an diru partida bat bideratzea arkitekto batek proiektua exekutagarria egiteko. 2025ean obraren 1. fasearekin hastea.

2023-2024
Azaroan "Iurreta incluye un patio inclusivo en sus presupuestos" (El Correo 2023-11-23) izenburuko prentsa oharrean, alkateak 2024ko aurrekontuetan proiektu exekutagarria ordaintzeko diru partida aipatzen du.

Ikasturteko 3. hiruhilekoan, arkitektoak jolastoki berriaren proiektu exekutagarria aurkezten du.

2024-2025
Azaroan Udalak aurrekontuei buruzko prentsa oharra argitaratzen du ."Iurreta apuesta por el patio inclusivo de Maiztegi" (Deia 2024-11-24). Bertan alkateak argi azaltzen du obrako 1. fasea exekutatzeko finantzazioa zein izango den. “…el ayuntamiento tiene previsto abordar las labores para completar un patio inclusivo en Maiztegi Herri Eskola con la ejecución de la primera fase, inversión que se financiará con remanente de tesorería una vez liquidado el ejercicio 2024.…”(Deia 2024-11-24).  

Ez da obrarik hasi.

2025-2026
Udalak bere kontura inorekin hitz egin gabe elkarlanean egindako proiektua aldatzen du.

Udalak ez du data zehatzik eman eskola patioko obrak egiteko.

Nahiz eta hasieratik inplikatuta egon, udalak ez du bere konpromisoa bete. Orain, berak bultzatutako proiektuak ez du inolako lehentasunik. 2024ko azaroan alkateak patioko obrak 2025ko aurrekontuetan sartuta zeudela adierazi zuen eta orain, urtea amaitzear dagoela, lanak burutzeko dirurik ez dagoela esaten du.

Iruzurra egin digute eta guztiz engainatuta sentitzen naiz. Baina Maiztegi Herri Eskolak, hezkuntza proiektu sendoa du. Eskola Komunitate indartsu eta guztiz inplikatua dauka eta harro nago.

Udala ere harro egon beharko litzateke bere herriko eskolaz eta gehiago zaindu eta mimatu beharko luke.

Gure seme alabek, gure bilobek, iurretarrok eskola eta patio duin eta segurua behar dugu orain. Maiztegiko patioa ez da eskolako patio bat bakarrik, herriko patioa ere bada, herriko plaza ere bada. Denok merezi dugu eta ezin dugu gehiago itxaron.

Gora Maiztegi Herri Eskola!!!

Arantza Zugazaga Etxebarria

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!