Bideondoko etxebizitza plana gelditzeko eskatu du Iurretako EH Bilduk

Anboto 2025ko uzt. 30a, 10:01

Bideondoko etxebizitza plana eta ondoriozko lurren salmenta eztabaidatu dira Iurretako Osoko Bilkuran. EAJren aldeko botoekin onartu da plana; EH Bilduk aurka bozkatu du, eta PSE-EE abstenitu egin da. Koalizio subiranistak plana gelditzeko eskatu du. "Erabaki larria da, lur publikoa izanik, eta herrian babeseko etxebizitzarik ez dagoela kontutan izanik", salatu dute. 

Etxebizitza planaren arabera, 87 etxe berri eskainiko dira; planaren zati bat sustapen pribatukoa da, eta beste zatia publikoa. "Udalaren jabegoko lur publikoan 45 etxe eraikitzea aurreikusi du gobernu taldeak. Horietatik 33 merkatu librekoak, eta hamabi soilik tasatuak. Babes ofizialeko etxerik ez, ez jabetzan ezta alokairuan ere. Iurretan uneotan ez dago babeseko etxeak eskuratzeko aukerarik eta HAPO berrian aurreikusi den kopurua ere oso txikia da: 510 etxetik 20 inguru bakarrik", azaldu du EH Bilduk ohar baten bidez. "EAJk Bideondoko lur publikoa milioi bat eurotik gorako salmenta batera atera nahi du gutun itxiaren sistemaren bidez, eta eskaintza onena egiten duen enpresak izango du proiektua garatzeko ardura", gehitu dute. EH Bilduk plana gelditzeko eskatu du. "Argi dago babeseko etxeak eraikitzea ekonomikoki bideragarria dela, eta ez egiteko hautua erabaki politikoa da".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!