Iurretako Juan Orobiogoitia institutuak Erasmus+ egitasmoan parte hartu du, aurten lehenengoz. Iurretako ikasle talde bat Loira bailarara joan zen urtarrilean, astebeteko egonaldia egiteko. Orain, Montreuil-Bellay herriko ikastetxeko bateko 15-16 urteko 18 ikasle etorri dira Iurretara, bi irakaslegaz. Gaur, harrera egin diete Juan Orobiogoitia institutuan. Ekitaldian Oskar Koka alkateak parte hartu du, institutuko eta Hezkuntza Saileko arduradunekin batera.
Institutuko zuzendari Asier Astolaren berbetan, "gazteak gizarteratzeko prestatzea, horretan laguntzea da gure erronka nagusia. Prozesu horretan lan egiteko hainbat esparru jorratzen ditugu. Aurten, Erasmus+ proiektuan parte hartzeko aukera izan dugu, ikasleen heziketa integralaren barruan, beste herrialde batzuetako hizkuntza eta kultura ezagutzeko aukera emanez". Oskar Koka alkateak gaineratu duenez, "kultura eta esperientziak trukatzeko zubia da hau". Ikasleentzako aukera "polita" dela nabarmendu du. Iurretako eta Euskal Herriko kultura ezagutzeko aukera baliatzera gonbidatu ditu Loira ikasleak.
Aurrerago Juan Orobiogoitiako beste ikasle talde bat joango da Loira bailarara.