Iurretak 6,8 milioi euroko udal aurrekontua izango datorren urtean. Gobernu Taldeak aurrekontu "orekatua" aurkeztu du, gastua "arrazionalizatuz". Horrela azaldu du Oskar Koka alkateak. Nabarmendu du langileen gastuen kapitulua %3,16 igongo dela, eta inbertsioen atala, aldiz, nabarmen jaitsiko dela; %41, hain zuzen ere. Udalak 1,2 milioi euro inguru izango ditu inbertsoetarako.
Dantzari kalean, ikastetxeetan eta auzo-bideetan irisgarritasun hobetzeko lanak gauzatuko dituzte. Era berean, Garaizarren edateko ur-hornidura hobetuko da. Guztira, 50.000 euroko inbertsioa eskatuko dute lan horiek. Horrez gainera, Maiztegi eskolarako jolastoki inklusiboaren proiektuagaz jarraituko dute. Udal arduradunek azaldu dutenez, lanen lehen faseagaz hasiko dira datorren urtean. Inbertsio hori diruzaintzako gerakinarekin finantzatuko dela gaineratu dute, 2024ko ekitaldia likidatu ondoren.
Kultura arlora aurrekontu-partida garrantzitsuak bideratuko dira, 353.000 euro guztira. Eta, Gizarte Ongizaterako partida indartuko da. Gizarte ekintzarako 115.000 euro gordeko dira, eta Etxeko Arreta Zerbitzua emateko, 50.000 euro gehiago bideratuko dira Durangaldeko Mankomunitatera —100.000 euro bideratzen ditu Iurretak horretarako—. Elkarteentzako diru-laguntzetarako diru-partida ere igo egingo dela adierazi dute.
Udalak ekonomia onbideratua duela nabarmendu du Oskar Koka alkateak, ohar batean. "Zorrik ez izateak, diru-sarrera guztiak eskura izatea eta arlo guztiak hobetzen jarraitzea ahalbidetzen digu, iurretarrentzako zerbitzu bakoitza hobetuz” .PSE-EEk aurkeztutako proposamena onartu duen arren, aurrerantzean lan egin beharra dagoela adierazi du. "Datozen urteetan baliteke arazoak sortzea eta aurrekontuan lan egin beharko dugu. Gastuek gora egitea aurreikusten da, eta ez dugu inbertsioak egiteko aukerarik izango". Udalak Gizarte Ongizatean lan egin behar duela nabarmendu du Julen Calleja zinegotzi sozialistak.
EH Bildu: "Gure proposamenetik oso hurrun dago"
EH Bilduk bat egin du zinegotzi sozialistarekin. "Durangaldeko Mankomunitean gastua igo egin da, baina horri aurre egin behar diogu. Beharrizanak gehitu egin dira zahartze tasa igo egin delako, eta gastua gero eta handiagoa izango da. Etorriko diren gastu horiei nola aurre egin aztertu beharko da". Aurrekontu proposamenaren aurrean abstenitu egin da kualizio subiranista. "Proposatutako aurrekontua ez dugu gure sentitzen, gure proposamenetik hurrun ikusten dugu", azaldu du Ziortza Duñabeitiak. "Lanketa sakon" bat egiteko aukerarik ez dela egon adierazi du, "nahiz eta jakin, diru sarrerak ikusita, guk gura genukeen aurrekontua aurrera ateratzea nahiko zaila izango genukeela". EH Bildu prest agertu da Iurreta "erdigunean" jarri eta "lanketa sakon" bat izango duen aurrekontua lortzeko, "denon adostasuna izango duena".