Datorren urterako udal aurrekontua eztabaidatuko dute Iurretan, azaroaren 27an. EAJk landutako proposamenari 10 zuzenketa jarri dizkiote EH Bilduk eta PSE-EEk, herrian "arlo soziala indartzeko". Elkarlan horri esker hamar proposamen landu eta erregistratu dituzte bi alderdiek batera. Gizarte mailako zerbitzuak hobetzea, elkarte kulturalak laguntzea eta herritarren beharrizanei erantzutea da zuzenketa horien helburua, ohar batean nabarmendu dutenez.
Urteko inbertsioak eta planak zehazteko "egitasmo garrantzitsua" da udal aurrekontua, "herritarren eguneroko bizitzan eragina" duena oposizioko talde biek nabarmendu dutenez. Bada, gobernu taldeak batzordean aurkezturiko planari "hobekuntzak" egiteko beharra ikusi dute EH Bilduk eta PSE-EEk. "Prozesu horretan alderdi biok adostasunera heltzeko gaitasuna erakutsi dugu eta, ondorioz, elkarlanak bere fruitua eman du". Horrelako akordio bat lantzen duten lehen aldia dela gogoratu dute, eta "balio handia" eman diote alderdi bietako ordezkariek. Aurrera begira ere, "Iurretaren alde eskurik esku jarduteko borondatea" agertu dute.
Umeen aisialdia, ekintza sozial eta kulturala, merkataritza, euskara, hezkuntza, eta auzo-bizitza landu dituzte honako hamar proposamenetan:
- Amilburu plazako Haur Jolasguneari estalkia jartzea.
- Gizarte eta kultura arloko elkarteei dirulaguntza %25 handitzea.
- Bakarrik dauden adinekoei arreta eta zaintza handiagoa emateko laguntza
plana sortzea. - Tokiko merkataritzari buruzko hezkuntza eta kontzientziazio plana ezartzea.
- 2025eko Euskaraldia ekimena diruz laguntzea.
- Hezkuntza eremua sustatzeko komunikazio kanpaina garatzea.
- Dantzari taldearen lokala atontzea.
- Iurretako biodibertsitatearen inguruko unitate didaktikoa diruz laguntzea.
- Auzoa herri, herria auzo garraioarekin loturiko Kofradien ekimena diruz laguntzea.
- Dantzari auzuneko irisgarritasunaren aldeko konponketa burutzea.