Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunaren harira ekitaldi sorta prestatu du Iurretako Udalak. Azaroaren 12an abiatu zuten egitaraua, Zaindu zure hormonak 40etatik aurrera hitzaldiagaz. Azaroaren 19an hasi eta 30era bitartean, beste hainbat ekintza egongo dira.
Azaroaren 19an eta 26an, eta, abenduaren 3an eta 10ean, autozainketa tailerra egingo dute Ibarretxe kultur etxean. Saioak 18:00etatik 20:00etara izango dira. Era berean, azaroaren 20an, haurtzaroa eta nerabezaroa zaintzeari buruz sentsibilizatzeko tailerra egongo da, Gurutze Gorriak eta Biltzen Gizarteratze eta Kulturarteko Bizikidetzaren Euskal Zentroak gidatuta. Azaroaren 21erako, zine-foruma antolatu du Iurretako Anderebide elkarteak. Carlos Sedesek zuzendutako No estás sola film proiektatuko da, 18:00etan, kultur etxean.
Manifestazioa
Azaroaren 25ean pegatinak eta puntu moreak banatuko dira, eta bibilotekan informazio-gune bat jarriko da. Adierazpen instituzionala irakurriko da 18:00etan, eta, ondoren, manifestazioa abiatuko da herriko kaleetan zehar.
Aurora Cuero ipuin kontalari madrildarraren eskutik helduentzako ipuin kontaketa saioa egongo da azaroaren 29an. Cuentos populares de Calvino y otras patrañas del Mediterráneo kontakizuna 19:00etan hasiko da, Ibarretxe kultur etxean. Azaroaren 30erako bestalde, lau orduko autodefentsa ikastaroa antolatu dute; 10:00etatik 14:00etara izango da. Azaroaren 22a baino lehen, eman behar da izena 946215372 telefono zenbakira deituta edo gizarte-ongizate@iurreta.eus helbide elektronikora idatziz.