Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak antolatuta, prostatako minbiziaren aurkako lehen lasterketa birtual ez-lehiakorra egingo da azaroaren 15etik 17ra bitartea. Bilboko Bizkaia Plazan abiatuko da ekimena, azaroaren 15ean, 11:00etan. Iurretan, berriz, azaroaren 16an hasiko da, 17:00etan. Iurretako Udalak eta Durangaldeko Sigi-Saga Bizikletazaleen Elkarteak bat egin dute ekimenagaz.
Bizkaia Bike Minbiziaren Aurka lasterketa solidarioa eta ludikoa da, parte hartzailea eta ez-lehiakorra. Bakarka edo taldeka parte hartu daiteke, errepidean, mendian, gimnasioan edo etxean. Bakoitzak nahi duen distantzia egin dezake, nahi duen ibilbidea eta gura duen ordutegian. Bakoitzaren erronka izango da 10, 20 edo 50 kilometro egitea.
Prostatako minbiziari aurre egiteko pedalei emateko erronkari heltzeko aukera egongo da Iurretan. Azaroaren 16an izango da Askondo kalean, 15:00etan hasita. Adin guztietako herritarrei zuzendutako bi ibilbide egingo dira taldeka, Iurreta eta Zornotza arteko bizipistan zehar; laburrak 10 kilometro izango ditu eta luzeak 20 kilometro. Antolatzaileek argitu dutenez, bi ibilbideak elkarrekin helduko dira helmugara. "Gizonezkoetan minbizi ohikoena da, eta ikerketa gehiago behar dira tumore mota horren inguruan", ekimenaren bultzatzaileek azaldu dutenez. Era berean, garrantzitsua deritzote detekzio goiztiarreko programa bat martxan jartzea. Parte hartzaileek #bizkaiacontraelcancer traolarekin partekatu ahal izango dituzte sare sozialetan egiten dituzten kilometroak.
Iurretako Udalak I. Bizkaia Bike Minbiziaren Aurka ekimenean parte hartzera eta pedalei ematera animatu ditu herritarrak. Baita Durangaldeko Sigi-Saga Bizikletazaleen Elkarteak ere. "Aukera ona da pedalei eraginez tarte bat partekatzeko eta komunikabideetan islada izateko, gero eta jende gehiago anima dadin eskualdean bizikleta erabiltzera. Ez ahaztu kaskoa eramatea eta balaztak ondo aztertzea", Sigi-Saga elkarteko kideek adierazi dutenez.