Iurretako Udalak 2025erako ordenantza fiskalak onartu ditu gaur. Orokorrean, %2,5 igoko dira udal zerbitzu eta jardueren gaineko tasak. Zabor, hondakin eta lurzoru kutsatuen gainekoa ezik. Tasa hori %40 igoko dute. Hiru hilean behin, 5-6 euroko igoera ekarriko du.
Oskar Koka alkateak azaldu duenez, "2025ean indarrean jarriko den legediaren arabera, hondakinen bilketa eta kudeaketa kostuak zaborra biltzeko zerbitzuaren gaineko tasagaz estali beharko lirateke. Eta, sortutako hondakinen araberako tasa ordaindu beharko litzateke. Gaur egun, zerbitzuari lotuta ditugun diru-sarrerak ez dira nahikoa horretarako". Bada, "ekonomia zirkularra lortzeko eta gehien sortzen duenak ordaintzen duen eredu baterantz aurrera egiteko" erabaki dute igoera. EAJk eta PSE-EEk aldeko botoa eman dute. EH Bildu abstenitu egin da.
Hainbat hobari
Hainbat hobari jaso dituzte datorren urterako ordenantza fiskaletan. Kultur tailerrei, eta, zaborra biltzeko zerbitzuari eta estolderia garbiketari lotutako tasetan diru-sarreren errentaren araberako hobariak egongo dira; eta, Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ), eguzki-plakak jartzeagatiko hobariak aurreikusi dira. Ibilgailu elektrikoak edota hibridoak izateagatik ere egongo dira onurak.
Alkatearen berbetan, "pertsonen ongizatea eta zerbitzuen kalitatea lehenetsi" dute ordenantza fiskal berrietan, "iraunkortasuna eta ingurumen ikuspegia kontutan hartuz".