Urrijena, atzoko eta gaurko dantzariak batzeko eguna ospatuko dute Iurretan zapatuan

Anboto 2024ko urr. 9a, 13:30

2019an ospatu zen azken Urrijenan ateratako famili argazkia

Bost urterik behin belaunaldi desberdinetako herriko dantzariak elkartzen dira Iurretan. Aurten, 13-14 urteko gazteek osatutako bi taldek debutatuko dute. Plazara dantzara irtengo den dantzari nagusienak 75 urte ditu.

Herri osoko atzoko eta gaurko dantzariak batuko dira zapatuan Iurretan, bost urterik behin izaten duten hitzorduari hutsik egin gabe. Urrijena ospatzeko egun osoko egitaraua prestatu dute dantzariek.

Herrian zehar kalejira egin ondoren hasiko dute dantzariek erakustaldia, Aita San Migel plazan.  Dantzari Dantzaren dantza adierazgarrienak erakutsiko dituzte 18 dantza taldek, eta Gorulari Dantzak egitera irtengo dira plazara hiru talde. Belaunaldi desberdinak batuko dituen alardea izango da. Aurten, 13-14 urteko gazteek osatutako bi taldek lehenengoz parte hartuko dute Urrijenan. Plazara dantzara irtengo den dantzari nagusienak, berriz, 75 urte ditu. Erakustaldia Soka Dantzagaz amaituko dute.

Omenaldia

Azken bost urteotan, 65 urte bete edo beteko dituztenak omenduko dituzte, zapatuan. Baita 80 urtetik gora dituzten dantzariak ere. Horrez gain, modu berezian gogoratuko dituzte joan zen abuztuan hil zen Jon Irazabal, eta Juanito Gallastegi. Irabazalek harreman estua izan du herriko dantza taldeagaz eta emandako laguntza eskertu gura dute. Gallastegui, bestalde, Oromiñon eta Arriandi abade izandakoa da, eta Iurretako dantzarien maisua ere izan zen.

Dantzarientzako egun polita izaten da Urrijena, antolatze lanean ibili den Unai Esturok aitortu duenez, "belaunaldi arteko lotura ekartzen duena". Herri osoko dantzariak batzen dituen eguna izaten dela gaineratu du, "emozioz betea". Esturoren berbetan, "urte askoan dantza egin ez duten dantzariak plazara irtetzen dira, bost urterik behin. Ilusio handiz irtetzen dira, gainera. Nagusienek oroitzapenak berrizteko aukera izaten dute. Gazteak, berriz, konturatzen dira zenbat jendek egin duen dantzan".

Dantza erakustaldia amaituta, bazkaltzeko elkartuko dira dantzari guztiak Askondon. Guztira, 250 bat lagun batuko dira. Ondoren, herriari zabaldutako kantaldia eta dantzaldia egongo da.

Egitaraua

  • 09:15 Argazkia, Iurretako plazan.
  • 10:15 Kalejira, aparkalekutik plazara, herriari buelta emanez.
  • 12:00 Dantzari Dantza eta Gorulari Dantza. Jarraian, omenaldia 65 urteko gorakoei. Ekitaldiagaz amaitzeko, Soka Dantza.
  • 15:00 Bazkaria, Askondoko karpan.
  • 17:00 Kantaldia eta dantzaldia Bada Giro taldeagaz.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!