Euskararen erabilera indartzeko AROA plana jarriko dute martxan Iurretan

Anboto 2024ko urr. 1a, 08:51

Euskararen komunitatea indartzeko, herritarrekin zein eragileekin elkarlanean hainbat proiektu lantzea du helburu AROA planak.

Iurretako Udalak AROA plana abiatuko du, herrian euskararen erabilera indartzeko. Horretarako, hurrengo bost urteetarako bide-orria diseinatu nahi du udalak, herritarrekin eta eragileekin elkarlanean. Herrian euskararen komunitatea indartzea da helburua.

Hasteko herrian euskararen egoera zein den aztertuko du udalak. Horretarako herritar eta eragileengana jo dute, azaldu dutenez. Hartara, euskaren aurrean dauden jarrera eta motibazioei buruz ez ezik, euskararen erabilerari eta elkarreraginari buruzko informazioa batzeko galdetegi bat zabaldu dute irailean.

Diagnostikoa osatu ondoren, AROA plana diseinatzeko bi orduko hiru saio egingo dituzte, herritarrekin eta eragileekin. Urriaren 30ean, eta, azaroaren 13an eta 20an, egingo dira. Oskar Koka alkateak herritar zein eragile guztiak parte hartzera deitu ditu: “Euskaraz bizi direnei, euskara ezagutzen dutenei zein euskarara hurbiltzeko daudenei parte hartzera dei egiten diegu, guztiok garelako beharrezkoak euskararen komunitatea sendotzeko”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!