N-634 errepidearen alde biak eta Akiñenako autobus geltoki biak lotzen dituen pasabidea ireki dute Iurretan

Anboto 2024ko ira. 19a, 13:26

Arriandi auzoan oinezkoen joan-etorri segurua ahalbidetzeko eta errazteko helburuagaz eraiki dute pasabidea. Igogailuak ere ipiniko dituzte, baina lan horiek lizitazio fasean daude.

Iurretako Arriandi auzoan, N-634 errepidearen alde biak eta Akiñenako autobus geltoki biak lotzen dituen oinezkoentzako pasabidea ireki dute, asteon. Inguruaren urbanizazio lanak amaitu ondoren, eta eskailerak ipinita erabiltzeko moduan dago. Hala ere, igogailuak ipintzeko daude oraindik. Lan horiek lizitazio fasean daude, udal arduradunek azaldu dutenez. "Laster erabili ahal izatea espero da, pasabide hori pertsona guztientzat irisgarria izan dadin", gaineratu dutenez.

Arriandin oinezkoen joan-etorri segurua ahalbidetzeko eta errazteko helburuagaz eraiki dute pasabidea, eta bizikleta pistagaz bat egingo du Amezketan. Iurretako Udalak Bizkaiko Foru Aldundiagaz adostu zuen Aldundiak eraikiko zuela pasabidea, eta baita bizikleta pistagaz duen lotura ere.

Iazko martxoan hasi ziren N-634 errepideari paralelo doan espaloia egiten, "oinezkoen segurtasuna hobetzea" helburu hartuta. Iurretarako noranzkoan ezkerraldean egin dute 500 bat metroko luzera duen espaloiak oinezkoentzako pasabideagaz egiten du bat.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!