51 ekintza batzen dituen Iurretako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana aurkeztu dute

Anboto 2024ko ira. 17a, 18:14

Zorione Fundazuri, Garazi Calle eta Amaia Legorburu.

2024tik 2027ra bitartean garatuko den plana diseinatzeko herriko askotariko elkarte eta eragilekin egin dute lana.

Iurretako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana aurkeztu dute, gaur. "Herritarren artean tratu onetan onarritutako harremanak, errespetuzkoak, egon daitezan lan egitea" du helburu osatutako plangintzak, Zorione Fundazurik, Udaleko Herritartasun Batzordeko presidenteak azaldu duenez. "Berdintasunean oinarritutako Iurreta lortzeko", gaineratu du.

Udal jardunari zein eta gizarteari begira diseinatu dute berdintasun plana Murgibeko Garazi Callek azaldu duenez. "Dauden beharrak atzemateko eta herritarren gogo eta nahiak ezagutu ondoren, horiei erantzun bat emateko prozesu parte hartzaile bat garatu da", argitu duenez. Emakumeen kolektibo desberdinekin lanean jarraitu behar dela ondorioztatu dute, eta, udal jardunagaz lotuta, "berdintasuna modu transbertsalean sartzeko" lanean jarraitu behar dela.

Amaia Legorburu Gizarte Ongizateko teknikariak azaldu duenez, 12 helburu nagusi batzen ditu planak, lau esparrutan banatuta. Horretarako, herritarrak parte hartzea ahalbidetuko duten 51 ekintza "egingarri" zehaztu dituzte. Besteak beste, jaietarako protokoloa sortu dute, ahalduntze eta jabekuntza eskola jarri da martxan, askotariko kolektiboekin hainbat ekintza garatuko dira. "Adinkeriari aurre egiteko ekintzak eta gaztetxoei zuzendutakoak ere batzen ditu planak", Fundazurik azaldu duenez.

2024tik 2027ra garatuko den berdintasun planak 33.000 euroko aurrekontua du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!