Ikasturte berrirako kultur eskaintza aurkeztu dute Iurretan

Anboto 2024ko ira. 6a, 14:04

Zorione Fundazuri, Amaia Legorburu, Oskar Koka eta Pilar Jimenez, aurkezpenean.

Iurretan erroldatutakoek irailaren 11tik 20ra bitartean eman dezakete izena. Gainontzekoek, irailaren 18tik 20ra bitartean. Guztira, 851 plaza eskainiko dituzte.

Adin guztietara egokitutako kultur eskaintza zabala osatu dute Iurretan ikasturte berriari begira. Askotariko ikastaro eta ekintzek osatzen dute urrian hasi eta ekainera arte iraungo duen egitarau finkoak, eta datorren astean zabalduko da izena emateko epea. Iurretan erroldatutakoek irailaren 11tik 20ra bitartean izango dute aukera; gainontzekoek hilaren 18tik 20ra bitartean. HAZn eman daiteke izena edo Ibarretxe kultur etxean (arratsaldez).

Iazko eskaintza handitu dute, Zorione Fundazuri Kultura zinegotziak azaldu duenez. Guztira, 851 plaza eskainiko dira. Azken urteetan bezala, tailer monografiko laburrak (sevillanak eta sendabelarrak) urtero antolatzen diren ikasturte osorako ikastaroekin (eskulanak, yoga, aretoko dantzak, gimnasia, egur lanketa, pilates, puntua, idazketa tailerra...) uztartuko dituzte, Ibarretxe kultur etxean. Euskararen erabilera bultzatzen laguntzeko ekintzak ere antolatu direla gaineratu du: mintza praktika, azterritarrei zuzendutako saioak eta indartzen tailerrak (Maiztegi eskolarekin elkarlanean) aipatu ditu.

Herri bibliotekak ere egitarau zabala osatu du. Hartara, hazkundearen hezkuntzaren inguruan sortzen diren zalantzak argitu eta eztabaidatzeko Korapiloak irakurketa-kluba ikasturte osora zabalduko dela azaldu du Fundazurik. Horregaz batera, aurten ere AGORA eta EKIN Makergunea ekimenekin jarraituko dute. Ipuin kontalariek eta literatur tailerrek osatuko dute eskaintza.

Jabekuntza Eskola

Jabekuntza Eskolaren barruan hainbat ikastaro eskainiko ditu Gizarte Ongizatea sailak. Gainera, pertsona migratuei eta adinekoei eskainitako ikastaroak ere izango direla azaldu du Amaia Legorburu Gizarte Ongizateko teknikariak.

Pilar Jimenez kultur teknikariak gogoratu du lekuak mugatuak izango direla, eta urriaren 7an jakinaraziko direla zerrendak. Herritarrak parte hartzera animatu ditu. Oskar Koka alkateak nabarmendu duenez, "eskaintza oso zabala egin dugu eta plazak betetzea da helburua".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!