Herrigunean enpresa berrien sorrera sustatu gura duen Iurretako Enpresa Proiektuen XVI. Lehiaketa ipini du martxan udalak. Batez ere, aberastasuna eta enplegua sortzen laguntzen duten produktu, prozesu eta zerbitzuetan ideia berriak txertatzen dituzten enpresak sortzen lagundu gura du ekimenak. Era berean, herriko birgaitze komertziala sustatu gura du. Urriaren 31ra bitartean aurkeztu daitezke proiektuak udalean.
Proposamen irabazleak 6.000 euroko diru saria lortuko du, proiektua martxan ipintzeko. Jarduera hasi duela jakinaraztean, irabazleak sariaren %20 jasoko du udalaren eskutik, eta jarduera garatzeko behar diren neurri zuzentzaileak aplikatu direla baieztatzerakoan, %50. Azken zatia jarduera hasi eta urtebetera emango zaio, enpresari eusten zaiola erakusten dituzten frogagiriak aurkeztu ondoren.
Udal ordezkariek azaldu dutenez, ekintzaile guztiek parte hartu dezakete. Beti ere Iurretako herrigunean kokatuko den enpresa proiektu bat badute, gehienez sei hilabetera martxan egongo dena. Besteak beste, proiektuaren deskribapen maila, originaltasuna eta kalitatea kontuan hartuko dira, bideragarritasun mailagaz batera. Bultzatzailea herrian erroldatuta dagoen ere kontuan hartuko da.