Hezkuntzarako diru laguntzak eskatzeko epea zabaldu dute Iurretan

Anboto 2024ko eka. 26a, 10:00

Iurretako Udalak 2023-2024 ikasturteko hezkuntzarako diru laguntzak eskatzeko epea zabaldu berri du. Haurtzaindegitik DBHko 4. mailara bitartean eskolatutako seme-alaben hezkuntza-gastu orokorrak zati batean ordaintzeko diru laguntzei aurre egiteko 10.000 euro gorde ditu udalak.

Haurtzaindegitik DBHko 4. mailara bitartean eskolatutako seme-alaben hezkuntza-gastu orokorrak zati batean ordaintzeko helburuagaz, Iurretako Udalak eskainitako diru laguntza eskatzeko epea zabaldu berri dute. 2023/2024 ikasturteko laguntzak bideratzeko 10.000 euro gorde ditu udalak.

Familia unitate bakoitzak eskaera bakarra tramitatu dezake, Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ) edo udaleko webgunearen bitartez. Eskaria egiteko Iurretan erroldatuta egon behar da, 2023ko urtarrilaren 1eko antzinatasunarekin. Era berean, eskatzaileak eta beren ardurapean dituzten eskolatutako seme-alabak edo adingabeak bizileku berean erroldatuta egon behar dira. Uztailaren 15era bitartean egin daitezke eskariak.

Diru-laguntza diru-kopuru bat izango da, eta familia-unitatearen errentaren, seme-alaben edo ardurapeko adingabeen ikasketa-mailaren eta kide-kopuruaren arabera zehaztuko da. Honako tarteak zehaztu dira: Haurreskola (150 euro), Haur Hezkuntza (45 euro), LH osoa eta DBHko 1. eta 2. maila (45 euro), eta, DBHko 3. eta 4. maila (75 euro). 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!