Iurretan gertatutako sexu erasoa gaitzesteko kontzentrazio isila egingo dute gaur

Anboto 2024ko eka. 25a, 10:12

Artxiboko irudia.

Udalak, Anderebide emakumeen elkarteak eta Auskari Ijorretako neska gazteak taldeak gaitzespen kontzentrazio isila egingo dute gaur, 19:00etan, Askondon. Erasoa jasandako emakumeari euren babesa eman diote eta herritarrak elkarretaratzean parte hartzera deitu dituzte.

Joan zen zapatu goizaldean Iurretan emakume batek jasandako sexu erasoa gaitzesteko kontzentrazioa isila egingo dute gaur, Askondon. Iurretako Udalak, Anderebide emakumeen elkarteak eta Auskari Ijorretako neska gazteak taldeak kontzentrazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Gertatutako eraso sexista gaitzetsi dute udalak, Anderebide elkarteak eta Auskari taldeak. Era berean, adierazi dute ez dutela "emakumeen aurkako inolako bortizkeri fisiko, psikologiko edo bestelakorik" onartuko. "Emakumeenganako indarkeria, era guztietan (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…),  emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina", nabarmendu dutenez. Hartara, herritarrei eskatu diete emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean, "arduragabe ez jokatzeko". "Zero tolerantzia sexu-jazarpen eta gehiegikeriaren aurrean", esan dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!