'Colacao' itzulia egokitzeak batu du boto gehien Iurretako aurrekontu parte hartzaileetan

Anboto 2024ko eka. 18a, 08:54

Iurretako 2024ko aurrekontu parte hartzaileetan 193 lagunek eman dute botoa. Udalak aukeratutako sei proiekturen artean hiru aukeratu behar izan dituzte. Iturburutik irten, eta, Garaizar eta Amatza auzoetatik doan 'Colacao' itzulia egokitzeak 117 boto lortu ditu.

'Colacao' itzulia egokitzea. Horrexek batu ditu boto gehien Iurretako 2024ko aurrekontu parte hartzaileetan: 117 boto, hain zuzen. Horren atzetik,  herrian paperontziak jartzea eskatu dute iurretarrek, 104 botorekin. Iurretan erroldatutako 16 urtetik gorako herritarrek izan dute bozkatzeko aukera. 

Aurten, 193 lagunek parte hartu dute aurrekontu parte hartzaileen bozketa fasean. Martxoan zehar jasotako 302 proposamenetatik –orduan, 154 lagunek parte hartu zuten– zazpi proiektu aukeratu zituen Iurretako Udalak, eta horien artean hiru bozkatu behar izan dituzte iurretarrek, maiatzaren 13tik 26ra bitartean. Aurrekontu parte hartzaileetarako 50.000 euroko diru poltsa du lotuta udalak.

Honelaxe geratu da proiektuen zerrenda, botoen arabera:

  1. 'Colacao itzulia' egokitzea ( 50.000 euro): 117 boto
  2. Udalerrian paperontziak jartzea (17.500 euro): 104 boto
  3. Amilburu plazan hiri-altzariak jartzea (18.000 euro): 83 boto.
  4. Txakurren aisialdirako parkea  (17.500 euro): 69 boto.
  5. Kalistenia-parkea instalatzea (50.000 euro): 62 boto.
  6. Gabonetako argitazpena eta apaingarriak Aita San Migel Plazan (50.000 euro): 42 boto
  7. Hamaka gehiago jartzea haurtzaindegiaren ondoko parkean (10.000 euro): 31 boto

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!