Bost urte beteko dira Iurretako Etxego gaztelekua zabaldu zela, eta ibilbide hori ospatuko dute irailean

Anboto 2024ko eka. 13a, 16:14

Pilar Jimenez kultur dinamizatzailea, Zorioena Fundazuri zinegotzia, Jon Aizpurua begiralea, Laia Gerrikagoitia Berbaroko kdiea eta Oskar Koka alkatea, aurkezpeanan.

Herriko gaztetxoentzat erreferentziazko leku bat izateko helburuagaz jaio zen Etxego; bariku honetan, ikasturtea agurtuko dute

Aurten bost urte beteko dira Iurretako Etxego gaztelekuak ateak zabaldu zituela, eta egitarau berezia prestatzen hasita daude urteurrena ospatzeko. Urteotako ibilbidea erakutsiko duen argazki erakusketa egingo dute irailean, baita gaupasa ere. Halaxe azaldu dute udal arduradunek eta zerbitzuaren koordinazioa daraman Berbaro elkarteko ordezkariek.

Gaztelekua gaztetxoentzako erreferentziazko leku bat izateko helburuagaz jaio zen, euren nahiak asetzeko, eta, bide horretan, Etxegoren ordutegia zabaltzea aztertzen dabiltza. Zorione Fundazuri zinegotziak esan duenez, urtarriletik aurrera barikuetan ez ezik zapatuetan ere zabaltzeko aukera aztertuko dute. Gazteekin batera, parte-hartze prozesu batetik abiatuta sortu zen proiektua, eurei egokitutako eskaintza diseinatuz. 

Orain barikuetan dago zabalik, 17:00etatik 20:30era, eta 12tik 16 urtera bitarteko gazteek erabiltzen dute. "Modu librean datoz, egoteko edo ekintzak antolatzeko leku bat dute gaztelekua", esan du Fundazurik. Tarteka, ekintza bereziak eta irteerak ere prestatzen dituzte, Jokin Aizpuru begiraleak gaineratu zuen lez: "Espazio libre bat dute, gura dutena egiteko". Zerbitzua ematerakoan, euskararen erabilera, jasangarritasuna eta berdintasuna sustatzea dute helburu, besteak beste.

Barikuan, ekainaren 14an, aurtengo ikasturtea agurtzeko, ur eta zikin jolasak egingo dituzte, eta gero elkarregaz afalduko dute, Berbaroko Laia Gerrikagoitiak esan duenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!