Iurretako 2030 Agendaren foroan parte hartu dute Maiztegi eta Juan Orobiogoitia ikastetxeetako ikasleek

Anboto 2024ko eka. 11a, 09:00

Maiztegi ikastetxeko eta Juan Orobiogoitia institutuko ikasleek Iurreta 2030 Agendako foroan parte hartu dute. Garbiketa kanpainak antolatzea, paperontzi kopurua handitzea eta enpresek gutxiago kutsatu dezaten neurriak hartzea proposatu diote udalari.

Iurretako Udalak sustatutako 2030 Eskola Agendaren barruan Zaldeiko ibaiertza garbitu dute Maiztegi ikastetxeko eta Juan Orobiogoitia institutuko ikasleek, eta ekintza ekosozial hori aztertu ondoren hiru konpromiso hartu dituzte: sentsibilizazio-kanpaina bat egitea, ingurumenaren aldeko ekintzetan parte hartzea eta zaborra ibaira bota behar ez dela ohartarazteko kartelak egitea. Guzti hori bideratzeko udalari zenbait proposamen egin dizkiete, Iurretako 2030 Agendaren foroa aprobetxatuta.

Udalak herritarrentzat garbiketa kanpainak antolatzea proposatu dute, eta ibai eremuan zein Iurreta eta Zornotza lotzen dituzten bizikletan pistan paperontzi kopurua handitzea. Berdeguneak mantentzeko lan egitea eta haurrentzako kontzientzia-kanpainak antolatzea ere proposatu dute, eta enpresek gutxiago kutsatu dezaten neurriak hartzea ere eskatu dute.

Udal arduradunek ekimena "babestu" dute, azaldu dutenez, "garapen iraunkorraren aldeko kontzientziazio eta ekintzarako urrats garrantzitsua delako". Eta, Oskar Koka alkateak ohar batean adierazi duenez, "Iurreta herri garbiagoa eta jasangarriagoa izan dadin ikasleen proposamenak martxan jartzeko konpromisoa hartzen dugu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!