Tokiko merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko kanpaina abiatu dute Iurretan

Anboto 2024ko eka. 6a, 15:19

Herrigunean dauden establezimenduetan 50 euroko gastua eginez opari moduan toaila bat eskuratzeko aukera izango dute herritarrek. Ekainaren 30era bitartean egindako erosketengatik hartutako tiketengatik egon daiteke trukea. 

Iurretako Udalak herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko kanpaina berria jarri du martxan, Erosi Iurretan eta prestatu uda gozatzeko! lelopean. Dendak Bai merkataritza eta ostalaritza elkartearen batera abiatutako kanpainaren bitartez toaila bat eskuratzeko aukera izango dute herritarrek. Herriko komertzio eta ostalaritza establezimenduetan egiten diren erosketak indartzea du helburu ekimenak.

Herriguneko establezimenduetan 50 euroko erosketa eginez lortu daiteke oparia, eta zenbateko horretara iristeko erosketa tiket desberdinak batu ahal izango dira, kanpainaren sustatzaileek azaldu dutenez. Gainera, tiketak ez dute zertan establezimendu berekoak izan behar. Ekainaren 30era bitartean iraungo du kanpainak eta oparia lortzeko erosketak tiketak HAZn aurkeztu beharko dira.

Horrez gain, bidai-agentzia batean trukagarriak diren 250 euroko balioa duten bi bidai-txartel lortzeko zozketan parte hartzeko aukera ere egongo da. HAZn emandako paper bat bete beharko da eta bertan adierazitako postontzian sartu. Kanpainaren oinarriak www.iurreta.eus edo www.dendakbai.eus webguneetan kontsultatu daitezke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!