Taxi-Auzunea zerbitzua erabiltzeko bonuak kaleratuko dituzte Iurretan

Anboto 2024ko eka. 3a, 09:30

Ekainean jarriko dute martxan berriro auzoetako herritarrak herrigunera hurbiltzeko zerbitzua. Urteko edozein momentutan atera ahalko da Taxi-Auzunerako erabiltze-txartela.

Iurretako Udalak ekainean jarriko du martxan berriro Taxi-Auzunea zerbitzua. Berrikuntzekin abiatuko dute, gainera. Urteko edozein momentutan aterako ahalko dute herritarrek erabiltze-txartela. Gainera, aldez aurretik HAZn erositako bonuekin ordainduko da, bakoitzak gutxienez bi euroko bost txartel erosita. Halaxe jakin eragin dute udal arduradunek. Erabiltzailea bere erabiltzaile-txartelarekin identifikatuko da eta egindako bidai bakoitzeko horietako bonu bat emango dio taxi-gidariari.

Auzoetako herritarrei herrigunera hurbiltzeko bidaiak errazteko helburuagaz jaio zen Taxi-Auzunea, duela 15 urte. Herrian bizi eta erroldatutako 18 urtetik gorako pertsonek erabil dezakete, zerbitzuaren ibilbideak Iurretako edozein auzotik herrigunera —eta alderantziz— mugatuko dira.

Astelehenetik barikura eskainiko da zerbitzua, 07:30etik 20:00etara. Zapatuetan, aldiz, 09:00etatik 14:00etara. Bidaiak erreserbatu egin behar dira, udalak emandako telefonora deituta edo taxi-gidariarekin hartu-emanetan jarrita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!